Palacios eta Lopez de Goikoetxea bikain Arnedillon

Guaixe 2017ko mai. 3a, 08:56
Iban Lopez de Goikoetxea, Arnedillon. Argazkia: AVM Peli.

Sakana Motorsport taldekoak sailkapen orokorrean bosgarrena eta seigarrena izan ziren

Igandean VII. Arnedilloko mendi igoera jokatu zen, Errioxa eta Nafarroako Txapelketetarako lehen proba puntuagarria. Sakana Motorsporteko Iker Palacios (BRC Evo 5), Iñigo Zelaia (BMW 325) eta Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 Turbo) pilotuek parte hartu zuten parte. Proba ikusgarria izan zen, eta parte hartu zuten 32 taldeetatik 28k lortu zuten bukatzea.

Entrenamenduak errepide lehorra zegoela egin zituzten, baina hortik aurrera nahasi egin zen eguraldia. Tartean euria eta haizea zirela, gurpilen aukeraketak buruhauste handia eragin zien gidariei eta aukeraketa ona egitea ezinbestekoa izan zen.

Arkaitz Ordoki (BRC B-49) izan zen azkarrena (2:53). Iker Palacios lakuntzarrak lan polita egin zuen eta sailkapen orokorrean, scratchean, bosgarrena sailkatu zen (3:12)eta laugarrena izan zen CM mailan. Haren atzetik, postu bat beherago, Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra sailkatu zen, sailkapenean seigarrena (3:15), bigarrena turismoetan eta lehena Formula Librean. Ikusgarria olaztiarra, auto askoz onenen aurretik sailkatu baitzen bere Renault 5-arekin. Eta, bukatzeko, Iñigo Zelaia 25.a sailkatu zen scratchean (3:51) eta 8.a Formula Librean.