Promoziorako sailkatzeko aukera galdu du Lagun Arteak

Guaixe 2017ko mai. 8a, 12:21
Etxarri Aranatzek ez zuen punturik ekarri Berriozartik.

Preferente maila. 29. jardunaldia: Burladés 2 – Lagun Artea 2 / Berriozar 1 – Etxarri Aranatz 0

Burlatan jokatu zuen Lagun Arteak, jaitsiera postuan dagoen Burlades taldearen kontra. Burladés hiru puntuak lortzera atera zen eta, horrela, 23. minutuan markagailuan aurreratu ziren, Arsuagak sartutako golari esker. Bigarren zatian behera egin zuten etxekoek eta Lagun Arteak ederki baliatu zuen egoera; horrela, Anderrek berdintzea lortu zuen 70. minutuan. Hortik aurrera parez-pare ibili ziren bi taldeak eta Ollok jaurtikitako falta bati esker bigarren gola sartu zuen Lagunek. Baina partidako 90 minutuak gaindituta zeudenean, 94. minutuan, berdintzea lortu zuen Burladés taldeak eta hiru puntuak eskutan izan ondoren bakarrarekin konformatu behar izan zuten lakuntzarrek eta promozio postuan, hirugarren postuan sailkatzeko aukera galdu zuen.

Bestalde, Berriozarrek 1 eta 0 irabazi zion Etxarriri Berriozarren jokatutako partidan. Berriozarrek aurreratzeko aukera izan zuen hasieran, baina Etxarriko atezainak, Ivanek, geldialdi bikainak egin zituen. Etxarrik gol aukera batzuk sortu zituen baina ez zuten fruiturik izan. Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen: Ivanek Berriozarrek sortutako aukerak zapuztu zituen. Baina 60. minutuan Berriozarko Manolok etxarriarren atea zulatzea lortu zuen. Etxarri saiatu zen baina jokoan zeuden 3 puntuak Berriozarren geratu ziren.

Azken jardunaldia
Sailkapen orokorrean Bidezarra liderrak 68 puntu dauzka. Lagun Artea 6.a da, 41 punturekin eta Etxarri Aranatz 9.a, 36 punturekin. Asteburuan ligako azken jardunaldia jokatuko da. Lagun Arteak sailkapenean 12.a den Berriozar hartuko du Zelai Berrin eta Etxarri Aranatzek, aldiz, 10.a den Arrotxapearen kontra jokatuko du San Donaton.