guaixe.eus

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak

  Ekonomia  Sakana
Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak

Eginen den eraikina basozainarena da. Bigarren eraikin handiago bat jasotzea aurreikusi da ostalaritza zerbitzua eta bertako produktuen denda izanen duena.

Aralar mendira joaten diren askok eta askok faltan dute guardetxea, Nafarroako Gobernuak 2009ko apirilean bota zuena. Aralarko Elkarteak bi eraikinez osatutako proiektua egin nahi du, bi epetan. Lehenik basozainaren bulegoa hartuko duen eraikina jasoko da. Eraikitako 87 metro karratuko azaleran bulegoa, komuna, arreta gunea, biltegia eta beste izanen ditu (76,56 m2 erabilgarri). Bio-eraikina izanen da, mendiko zura eta han larratzen diren ardien artilea erabiliko dira hura jasotzeko. Bio-eraikuntzan aditua den Iñaki Urkia Lusen sinadura du egitasmoak.

Eraikin hori hasiera batean udarako jasotzea espero zen. Gerora aurreikuspenak atzeratu eta udazkenerako iragarri zen. Baina Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak lanak emateko deialdia atzo egin zuen publiko. Lanek 81.121,34 euroko aurrekontua du (BEZ barne). Baina departamentuak 75.000 euro bideratuko ditu soilik, gainontzekoa materialarekin, zurarekin, beteko du. Izan ere, gobernuak guardetxea bota zuenean, baimenik gabe, beste 206 zuhaitz bota zituen. Material horretako 20 m3 eraikinaren egituran, zoruan eta sabaian erabiliko da eta, horregatik, gobernuak ez du aurrekontu osoa beteko. Enpresa interesatuek euren eskaintzak hilaren 25era arte egin ditzakete.

Bi negoziazio
Aralar Elkarteko presidente eta Lakuntzako alkate Patxi Xabier Razkinek azaldu digunez, lanak ez dira aurten hasiko eta eguraldia hobetzen denera itxarongo dute. Gauzak ongi, guardetxea udarako zabalik legoke. “Bi hilabeteko eraikuntza lana da berez”, zehaztu digu alkateak. Gobernuak pagatuko ditu lan guztiak. Hori egin bitartean Aralar Elkarteko kideak Nafarroako Gobernuarekin eraikin nagusiaren eraikuntza negoziatzen ari da. Eraikin horrek 150 m2-ko azalera luke.

Razkinek argitu digunez, Aralarko kontserbazio bereziko eremu guztia hartzen duten 35 herriak lemazain batzordean bildu dira. Han daude Aralar Elkarteko, Larraungo eta Arakilgo herriak, Bakaiku, Aralarko santutegia, Sakanako Garapen Agentzia, Plazaola turismo partzuergoa eta Ingurumen eta Turismo departamentuak. “Guztien artean Aralar mendiko erabilera publikoko plan berria eginen dugu. Eta horren barruan guardetxe berriari buruzko proiektu berria jasoko duen txostena eginen da”. Razkinek esan digunez, lan horren lidergoa Aralarko Elkarteari eman dio. Elkarteko presidenteak azaldu digunez, “mendiaren inguruko herrietako ordezkariekin hitz egin ondoren zirriborro bat lantzen ari dira, eta haren gainean hasiko gara lanean”. Lana urte eta erdian edo bi urtetan despeditzea espero du.

Bitartean, Aralar Elkarteko ordezkariek guardetxe berrirako finantziazioa bilatzen segitzen dute. Aldi berean, bigarren negoziazio bat ere martxan dute, mendiaren titularitatea elkartearen eskura pasatzeko hain zuzen ere. Nafarroako Parlamentuan izan ziren eta gaia han aztergai dagoela azaldu digu Razkinek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 1

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 2

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 3

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 4

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 5

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 6

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 7

Aralarko guardetxea egiteko lanen deialdia egin du gobernuak  - 8

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak