Aimar baja da eta Ezkurdiak ez du ligaxkako azken partida jokatuko

Guaixe 2018ko urr. 23a, 09:38
Ezkurdia ez da Olaizolarekin ariko.

Lau t’erdiko finalerdietarako daude sailkatuta Joseba Ezkurdia eta Bengoetxea VI.a. Gainontzeko biak zein izango den final laurdenetako ligaxkako 3. jardunaldiak erabakiko du. Ezkurdia Olaizolarekin aritzekoa zen, baina lesionatua dagoenez, arbizuarrak ez du jokatuko eta A multzoko taldeburu pasako da finalerdietara

Lau t’erdiko Txapelketan final laurdenetako ligaxkak aurrera dirau. Atzo despeditu zen ligaxkako bigarren jardunaldia, B multzoko Bengoetxea VI.ak eta Retegi Bik jokatutako partidarekin. Bengoetxea ikusgarri aritu zen eta Retegi Biren gainetik pasa zen; leitzarrak bi tanto eskasetan utzi zuen Erasungoa.

Lau t’erdiko final laurdenetako ligaxkan, A multzoan, Joseba Ezkurdiak orain arte jokatutako bi partidak irabazi ditu, Olaizolak, aldiz, jokatutako bi partidak galdu egin ditu eta Altuna III.ak eta Victorrek garaipen bana eta porrot bana dute. Ondorioz, Joseba Ezkurdia finalerdietarako sailkatua dago, Olaizola II.ak ez du inolako aukerarik eta final laurdenetako ligaxkako 3. jardunaldian igandean Eibarren jokatuko den Altuna III.aren eta Victorren arteko partidaren irabazlea izango da finalerdietarako sailkatuko den beste pilotaria. Aipatzekoa da ligaxkako 3. jardunaldian Ezkurdia eta Olaizola asteburuan jokatzekoak zirela, baina Olaizolak eskuin eskuan eskuko minez despeditu zuen aurreko partida eta Asegarcetik azaldu dute ez dagoela Ezkurdiaren kontrako partida jokatzeko moduan. Beraz, Ezkurdiak aurrera eginen du A multzoko taldeburu moduan. Lau t’erdiko partidaren ordez, Ezkurdiak binakako partida jokatuko du, igandeko Eibarko jaialdia zabaltzen duena, Erostarberekin batera. Irribarria eta Rezusta izango dituzte aurkari.

Lau t’erdiko final laurdenetako ligaxkako beste multzoan, B multzoan, Bengoetxea VI.ak bi garaipen ditu eta dagoeneko finalerdietarako sailkatua dago. Elezkano II.ak jokatutako bi partidak galdu egin ditu eta ez du inolako aukerarik eta Urrutikoetxeak eta Retegi Bik garaipen eta porrot bana dituzte. Hortaz, Urrutik eta Retegi Bik larunbatean ligaxkako 3. jardunaldian Labriten jokatuko duen partidak erabakiko du zein den beste finalista. 3. jardunaldiko beste partida ostiralean jokatuko dute Bengoetxea VI.ak eta Elezkano II.ak ostiralean Beasainen, ezer jokoan ez dutela.