Larunbatean XII. Uharte Rollerski Saria hartuko du Etxarrik

Guaixe 2018ko urr. 26a, 13:28

Uharteko Ipar Eski taldeak antolatu du lasterketa, Irrintzi Ski Taldearen, Sakanako Mankomunitatearen eta Etxarriko Udalaren laguntzarekin. Helduendako proba (9,8 km) eta gazteena edo proba ez lehiakorra (2,8 km) izanen dira

Rollerskia elurra ez dagoenean eskia lantzeko modalitate gisa sortu zen, entrenatzeko, teknika hartzeko eta eskian ikasteko ere bai. Finean, eski itxura duten gurpildun patinete antzekoak erabiltzen dira, rollerskiak, eta haiek jantzita eta bastoiak eskuan, ipar eskiaren antzeko mugimenduak egiten dira. Baina hasieran entrenamendu hutsa izateko jaio zen modalitatea hazi egin da eta bere entitate propioa hartu du. Horrela, Euskal Herri mailan Rollerski Liga jokatzen da, 8 proba dituena, tartean Nafarroan antolatzen diren bi proba. Eta horietako bat larunbatean, urriaren 27an jokatuko da, Etxarri Aranatzen, XII. Uharte Rollerski Saria, hain zuzen ere.

Txapelketaren nondik norakoak azaldu zizkiguten Uharte Ipar Eski Taldeko Jeronimo Garcia Frescak, talde horretako eskiatzaile, biatloilari eta rollerskilaria den Olga Gartziandia Ijurko etxarriarrak, Irrintzi Ski taldeko Aritz Pascual Garjonek eta Etxarrin jokatuko den proba antolakuntza lanetan dabilen Izaskun Ijurko etxarriarrak. Alboan Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitia eta Etxarri Aranazko Udaleko kultur teknikari Amaia Ijurra izan zituzten, probaren laguntzaileak.

Etxarriko proba eta Beorlegikoa
“Euskal Herriko Rollerski Ligarako baliagarriak diren bi proba nafarrak guk antolatzen ditugu, Uharte Rollerski taldeak eta Irrintzi Eski taldeak. Aurten pentsatu genuen bi probak asteburu berean egitea, bereziki kanpotik etortzen direnei begira, bidaia berean bi probak egiteko. Horrela, urriaren 27an, larunbatean, rollerski proba klasikoa antolatuko dugu Etxarrin, XII. Uharte Rollerski Saria, eta hurrengo egunean, igandean patinatzailearena edo estilo librekoa, IV. Beorburuko Rollerski igoera. Euskal Herriko Ligarako baliagarriak izango dira, baina proba bakoitzak bere sariak izango ditu. Eta bi proba nafarretan parte hartzen dutenekin sailkapen berezia egingo dugu ere, Nafarroako Rollerski Asteburuko Sariketa bat” adierazi zuten Garciak eta Pascualek.

Bi modalitate: klasikoa eta librea
Rollerski klasikoa eta Rollerski patinatzailea edo estilo librea bi modalitate ezberdin dira. “Klasikoan gurpilak ez dira atzeraka mugitzen, soilik aurrera, eta eskiatzen bezala zoaz, rollerskiak paralelo dituzula. Aldiz, patinatzaile estiloan edo estilo librean, gurpilak atzeraka ere mugitzen dira eta rollerskiak V moduan eramaten dira” azaldu zuen Olga Gartziandia Ijurko etxarriarrak. Olga Gartziandia eta bere aita Benar Gartziandia puntako ipar eskiatzaileak dira, Uharte Eski taldekoak eta rollerskian ere lehiatzen dira. Olgak, gainera, biatloia lantzen du, tiroa eta eskia biltzen dituen kirola, eta puntako kirolaria da. “Lehena izan zen Estatuko Biatloi Txapelketan” nabarmendu zuen Amaia Gerrikagoitiak.

Nafarroan hiru eski talde daude, Erronkarikoa, Irrintzi eta Uharte Iruñekoa. Konpetizio taldeetan Uharten 36 kide inguru izango dira, Irrintzin 20 eta Erronkarin beste 20ren bat. Beraz, 70 eskiatzaile inguru ibiltzen dira lehiatzen Nafarroan, eta horietatik askok rollerskia egiten dute, elurra ez dagoenean eski teknika errepidean lantzeko. “Lehen bazterrekoa zen rollerskia, soilik entrenatzeko, baina protagonismoa hartu du, probak antolatzen hasi ziren, Euskal Herriko Liga sortu zen eta honek kirolari jarraikortasuna ematen dio. Hasieran udaberrian antolatzen genituen lasterketak, baina eski denboralditik oso jarraian ziren eta orain gehienak udazkenera atzeratu ditugu. Rollerski klasikoko proba aurten Etxarrira ekarri dugu; ibilbide luze bat egitea bilatzen genuen, eta bertako jendea klubean dagoenez eta Etxarrik beharrezkoak ziren baldintzak betetzen zituenez, bertan egitea erabaki genuen” azaldu zuen Uharte Iruñeko eski taldeko Jerónimo Garciak.
 
Etxarriko proba
Etxarri Aranatzen larunbatean jokatuko den XII. Uharte Rollerski Saria rollerski klasikoko proba izango da. Proba lehiakorra eta ez lehiakorra izango da aldi berean, izan ere, puntako rollerskiatzaileak eta afizionatuak arituko baitira elkarrekin. “Imanol Rojo, Diego Ruiz eta Carlos Llanes olinpikoak dira eta tarteka etortzen dira gure probetara. Beraiek punta-puntakoak dira, eta gero maila altukoak ditugu, Bernar eta Olga Gartziandia, esaterako. Baina guk konpetizio maila eta maila herrikoia uztartzen ditugu, eta aldi berean rollerskian aritzen diren zaletuak animatzen dira, esaterako, gaztetxoen guraso asko. Oso giro polita izaten da, eskiatzaile guztiak biltzen gara; proban seriotasun puntua dago baina oso herrikoia eta alaia da aldi berean” gaineratu zuen Garciak.  Bertakoez aparte, Asturiasetik eta Madrildik etortzen dira, baita Kataluniatik ere, baina azken horiek gutxiago dira, beraien lasterketak eta kopa propioa baitituzte.

Etxarriko XII. Uharte Rollerski Sariak bi proba izanen ditu. Nagusian 14 urtetik gorakoak ariko dira (9,8 km) , eta 14 urtetik beherakoendako edo ibilbide laburragoa egin nahi dutenendako 2,8 km-ko proba izanen da. Goizeko 11:00etan helduen proba hasiko da, Lizarragabengotik. Mass start irteera izanen da, denok batera aterako dira. Berroetako bidetik Etxarri Aranatzera helduko dira rollerskiatzaileak eta bertatik zirkuitu moduko bat prestatu dute: Bakaikurantz joko dute rollerskilariek, eta gasolindegi ondoan dagoen errotondan, buelta hartuko dute, Etxarriko sarrerako errotondora. Zirkuitu honi bi buelta eman eta gero, guztira 9,8 km osatuko dituzte. Bestalde, 14 urtetik beherakoek Etxarri Aranatzen abiatuko dute euren proba, 11:05 inguruan, eta 2,8 km-ko ibilbidea egingo dute. Ez da ibilbide oso zaila, rollerskian ibiltzen dakitenek lasai asko hartu ahal dute parte.

“Proba ikusgarria izaten da, azkarrenek 20 minutu eskasetan egingo dute proba. Guztia antolatzen 15 boluntario inguru arituko dira eta Foruzainek eta anbulantzia batek zainduko dute proba. Aurreko urtean proba nagusian 80 rollerskiatzaile inguru aritu ziren eta txikienean 70 inguru” aipatu zuen Irrintzi Ski taldeko Aritz Pascual Garjonek.

Izena ematea, dohainik
Izena ematea egunean bertan egin beharko da, goizeko 10:00etatik aurrera, Etxarri Aranazko udaletxe parean. Dohainik izango da. Proba hauek eskiatzaileen topaketak izaten dira eta giro oso polita sortzen dela aipatu dute antolatzaileek. “Bukaeran, parte-hartzaile guztiek oroigarria jasoko dute eta babesleek eskainitako produktuen zozketak egiten ditugu: Borda jatetxea, Arbizuko txistorra, Jeingenekoa, Aralar landetxea…. Eta errugbian bezala, hirugarren denbora izango dugu, auzate ederra izango da guztiendako”. “Bitxia izango da, Sakanan ez da halako probarik jokatu. Ikusteko bada ere, larunbatean Etxarrira gerturatzea animatzen zaituztegu” aipatu zuen Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. Olga Garziandiak ezingo da aritu, Jakako teknifikazio taldearekin kontzentratuta baitago, Italian, elurrean entrenatzen, baina Etxarrira gerturatzea animatu du, rollerskia gertutik ezagutzera eta lasterketaz gozatzera.

Igandean, Beorburuko IV. Rollerski Igoera
Larunbatean estilo klasikoko proba hartuko du Etxarrik, ibilbide leunekoa eta igandean, aldiz, Beorburuko IV. Rollerski Igoera jokatuko da, 6 km-ko igoera gogorra. “Ollakarizketatik Beorbururaino igo beharko da. Lehenengo 4 km-ak nahiko lauak dira, baina azkeneko biak maldan gora” gaineratu du Irrintziko Aritz Pascualek. Beorburuko proban parte hartzeko izena ematea dohainik da, baina antolakuntzak elikagaiak eramateko eskaria egin diete rollerskitzaileei, Paris 365 jantoki soziala laguntzeko.

Asteburuan Nafarroan jokatuko diren bi rollerski probak Euskal Herriko Rollerski Ligarako baliagarriak dira. “8 proba dira guztira, eta gure liga oso aberatsa da, ibilbide mitikoak izaten direlako. Eibarren Arrate igoera, Donostian Urgull mendiko igoera… gure probek beti bilatzen dute zer edo zer gehiago. Asteburuan ligako Nafarroako bi probak jokatuko dira eta bi probetan aritzen direnen denborak batu eta Nafarroako sariketa bat egingo dugu” aipatu zuten.