MilaKolore egunak “espektatibak gainditu ditu”

Maider Betelu Ganboa 2018ko aza. 1a, 19:22

Elkarteak helburu guztiak bete ditu eta Lakuntzako larunbateko ospakizunean “zuek gu bezain ondo pasatu izana” espero dute

MilaKolore elkartearen baitan behar bereziak dituzten pertsonak eta haien senideak elkartzen dira. Elkarteak bere estreinako eguna Lakuntzan ospatu zuen. Virginia Ruiz de Egino presidenteak esan digunez, “hasieratik helburuak argi genituen: gure elkartea ezagutaraztea, EZgaitasun funtzionala duten pertsonak gizartean daudela eta GAI direla ikus-araztea eta gure elkartearen lana erraztuko lukeen furgoneta bat erostea” .

Elkarteko koordinatzaile Amaia Urrizak esan digunez, “gure elkartearendako hunkigarria izan zen hainbeste jende elkarrekin ikustea gure elkartearen alde egiten”. Egunerako jarritako helburuak bete zituztela esan eta esker oneko hitzak besterik ez dituzte hura posible egin zuten guztiendako.Izan ere, egiteko askotan jende askoren babesa jaso zutelako: “tonbolan txartel bat erosiz, txosnan pote bat hartuz, bazkaltzera etorriz, tailerretan parte hartuz, eskumuturrekoa edota zapia erosiz, arratsaldeko ikuskizun eta kontzertuetara gerturatuz ala lanean ibili zineten guztiei, mila esker bihotzez”.

Urrizak gaineratu digunez, larunbatekoak balio izan zuen “gure elkarteko gazteak eta helduak gauza asko egiteko GAI direla ikusi genuen”. Euren gaitasunak azaldu zituztenak Izaskun, David, Isaac, Iosu, Nora, Ana, Mikel, Aratz, Oier, Manuela, Lizar, Iker, Edurne, Maitane, Rosa, Naira, Alex, Aimar, Yuseff eta Aitor izan ziren. “Haien artean desberdinak izanda talde bikaina osatzen dutela erakutsi ziguten, mila kolore dituen talde bat! Izena eta aurpegia jarri genien hainbat gaitasuni”. Eta gaineratu duenez, “eguna ezin hobe joan zen eta bikain pasa genuen”.

Furgoneta ere
Ruiz de Eginok esan digunez, desio zuten egokitutako furgoneta lortu dute. “Eskerrik asko hau lortzen lagundu zenuten pertsona eta enpresa guztiei eta bereziki Sakana Group kooperatibari. Hark emandako diru-laguntzarekin furgonetaren kostua pagatuko dugu. Gainontzeko diruarekin, furgonetaren mantentze lanak eta MilaKolore elkartean aurrera eramaten ditugun ekintzak finantzatuko ditugu”. Guztira 70.000 euro inguru jaso zituzten.

Elkarteko kideendako eguna luzea izan zen, baina “pozez beteta eta eskertuta bukatu genuen”. Esker oneko hitzak borborka ateratzen zaizkie, dela Lakuntzako herriari izandako jarreragatik, dela Lakuntzako Udalari hainbeste laguntzeagatik eta esker bereziak eman dizkiete Martini, Nataliari, Aitorri, Patxiri, Ricardori, Fernandori, Garini, Joneri eta Ketxusi. “Zuen guztien laguntzarik gabe amets hau ez zen egi bihurtuko”. Presidenteak esan digunez, “larunbatean bizitakoak ilusio eta indar handia eman digu lanean segitzeko eta aurrera jarraitzeko. Gaur bizitza kolore gehiagorekin ikusten dugu”.