Bakaikoa Promesen Lau t’erdiko finalera

Guaixe 2018ko urr. 29a, 13:08
Argazkia: A. Calleja (Artxiboa).

Etxarri Aranazko aurrelariak Peña II.a izango du aurkari azaroaren 10ean Labriten jokatuko den finalean

Joanes Bakaikoa etxarriarrak Promesen mailako Lau t’erdiko finalerdietako ligaxkako 3. partida erabakigarria jokatu zuen larunbatean, Labriten, Darioren kontra. Aurrelari etxarriarra partida bat irabaztetik eta bestea galtzetik iritsi zen ligaxkako azken jardunaldira, eta finalean egoteko Dario irabaztea derrigorrezkoa zuen. Partida ederrean, hasieran parez pare ibili ziren bi pilotariak baina Etxarriko pilotariak behetik gora egin zuen bitartean, Dariok akats gehiago egin zituen eta behera egin zuen. Azkenean, Bakaikoak 22 eta 11 hartu zuen menpean Dario eta finalerako txartela lortu zuen.

Promesen mailako Lau t’erdiko Final handian Bakaikoak Jon Ander Peña izango du aurkari. Finalerdietako ligaxkako azken partidan gipuzkoarrak 22 eta 10 irabazi zion Peio Etxeberriari, eta horrek finalerako txartela eman zion; finalean egoteko Peio Etxeberriak nahikoa zuen 14 tanto egitearekin, baina presioak gaindituta, soilik 10 tanto egin zituen eta finalean egoteko 4 tanto eskasetara geratu zen Zenotzeko pilotaria.

Joanes Bakaikoa denboraldi bikaina ari da egiten. Buruz Buruko promozioko txapelduna da, eta orain Promozioko Lau t’erdiko finala jokatuko du, azaroaren 10ean, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ea bigarren txapela hori Etxarrira ekartzen duen.