Ezkurdiak Urrutikoetxearen kontra jokatuko du Lau t’erdiko finalerdia

Guaixe 2018ko urr. 29a, 13:53
Bi pilotariek finalerdia jokatuko dute igandean Bizkaian.

Igandean lehiatuko dira, Bizkaian (17:00, ETB1). Beste finalerdia Bengoetxea VI.ak eta Altuna III.ak jokatuko dute larunbatean, Labriten (17:00, ETB1)

Lau t’erdiko Pilota Txapelketa azken txanpara iristen ari da. Asteburu honetan final laurdenetako ligaxkako 3. eta azken jardunaldia jokatu zen eta jardunaldi horrek erabaki zuen asteburu honetan finalerdiak jokatuko dituzten pilotariak zeintzuk izango diren.

Ligaxkako 3. jardunaldian B multzoan Elezkano II.ak sekulako sorpresa eman zuen ostiralean Beasainen, eta 6 tantotan utzi zuen Bengoetxea VI.a. Elezkanok ez zuen ezer jokoan, aurreko bi partidak galtzetik baitzetorren, baina bikain aritu zen bizkaitarra eta Bengoetxea jokoz kanpo utzi zuen. Hala ere, Bengoetxeak finalerdietarako sailkatzea lortu du, larunbatean B multzoan jokatutako beste lehian Retegi Bik galdu egin zuelako; Urrutikoetxeak 22 eta 17 hartu zuen menpean Retegi Bi eta Eratsungoa finalerdietatik kanpo geratu zen. Bengoetxearekin batera Urrutikoetxea sailkatu da Lau t’erdietako finalerdietarako B multzoan.

A multzoan Olaizola II.a eskuko minarekin zegoen eta ligaxkako 3. jardunaldiko partida jokatzeari uko egin zion. Ezkurdiaren kontra jokatzekoa zen Olaizola, eta, hortaz, finalerdietara taldeburu bezala pasa da aurrelari arbizuarra. Beste finalista nor izango zen igandean Eibarren jokatutako Altuna III.aren eta Victorren arteko partidak erabaki zuen. Altuna bikain aritu zen eta 9 tantotan utzi zuen Victor. Horrela, Ezkurdiarekin batera Altuna III.a pasa da finalerdietara A multzoan.

Ezkurdia Urrutiren kontra igandean Bizkaian
Asteburu honetan jokatuko dira lau t’erdiko finalerdiak. Larunbatean, Labriten, Altuna III.ak Bengoetxea VI.a izango du aurkari, 17:00etan hasiko den jaialdian (ETB1). Material aukeraketa asteartean 11:30ean egingo dute bi pilotariek, Bomboneran. Beste finalerdia igandean jokatuko dute Urrutikoetxeak eta Ezkurdiak Bilboko Bizkaia pilotalekuan, 17:00etan hasiko den jaialdian (ETB1). Jaialdia zabaltzen duen partidan Elezkano II.arekin ariko da Julen Martija, Retegi Biren eta Rezustaren kontra. Ezkurdiak eta Urrutik asteazkenean aukeratuko dute materiala, 11:30ean. Finalerdietako bi txapeldunak azaroaren 18an Nafarroa Arenan jokatuko den final handirako sailkatuko dira. Kontsolazio finala, 3. eta 4. postuak zehaztuko dituena, azaroaren 10ean jokatuko da.