"Entzumenarekin mundua irudika daiteke"

Guaixe 2018ko aza. 9a, 08:42

Eneida Carreño Mundiñano Beleixe irratiaren gidaria

XX. urteurrenaren atarian hasiko du Beleixe irratiak denboraldi berria. Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara Sakanako informazioa zabalduko du uhinen bidez, euskaraz

1. Beleixe irratiaren denboraldi berria hasiko da. Berrikuntzarik?
Berrikuntza, ez. Duela urte batzuk martxan geneukan Beleixe itzuliko dela esango nuke. Eguneko informazioa ekarriko dugu goizeko 10:00etatik 12:00ak bitarte. Urte batzuetan irratia gutxieneko baldintzetan izan dugu eta bada garaia Sakanak irrati euskaldun bat izanda bizirik mantentzeko ahalegina egiteko. Guaixe Fundazioak egoki jo du aurten horretan indarrak jartzea eta ahaleginduko gara.

2. Zein da Beleixeren bertute nagusiena?
Sakanako informazioa euskaraz zabaltzen duen irrati bakarra gara. Sakanako edozeinengandik gertu gaudela, sakandarrekin osatutako irratia gara. Sakandarrendako eta entzun nahi gaituen edozeinendako egindako saioa egingo dugu.

3. Zein da helburua?
Sakanan unean uneko informazioa goizetik eta euskaraz zabaltzea. Irrati batek duen berehalako ahalmena baliatu, euskaldunak gure hizkuntzan informatu, belarriprestak ahobizi izan daitezen lagundu, euskarazko komunikabidea ahaldundu, komunitatea indartu...

4. Zer nolako edukia eskainiko du?
Goizean goizetik prentsaren azalak aztertu, eguraldiaren iragarpena, agenda, eguneko albisteak eta solasaldia gaurkotasuneko gaiekin Esan Erran eta Aralar irratiko esatariekin. Tartean egunero elkarrizketa bat edo bi izango ditugu, telefono bidez edo estudioan bertan. Irratian zerbait esateko duen orok parte har dezake. Baldintza bakarra esateko duen hori euskaraz esan behar duela.

5. Internet-arekin informatzeko modua aldatu da. Nola moldatu da Beleixe irratia?
Beleixe irratia aspaldi ari zen on-line emititzen guaixe.eus orrialdetik, baina eguneko programaziorik ez geneukanez ziurrenik entzuleak asko gutxituko ziren. Gaur egun, leku askotan, publikoetan zein pribatuetan, internet bidezko irratiak entzuteko aukera daukagu eta espero dugu gaurtik Beleixe irratia txoko horietako batzuetan bederen entzutea.

6. Zer dauka irratiak berezia egiten duela?
Sekula itxi behar ez zen komunikabide bat da Beleixe. Irratiak unean-uneko informazioa modu natural batean eskaintzen duela iruditzen zait. Bakoitza garen bezala, hitz egiten dugun bezala adierazteko gune bat da. Bapatekotasuna lantzen duena, hizkuntza formaletik ihes egiten duena, eta zuzeneko komunkazioa bultzatzen duena. Hori guztia eta gehiago zuk gustuko duzun txokotik. Dela sukaldean, dela egongelan eta pentsa ezin diren edozein lekutan. Entzumenarekin bakarrik mundua irudika dezakezu irratien uhinen bidez.

7. Nola izan ziren irratiaren hastapenak?
Bueno ni ez naiz egokiena honi buruz ezer esateko baina esango nizuke oso baliabide gutxirekin abiatu zirela, datorren urtean 20 urte beteko ditu Beleixe irratiak, eta beste egoitza batean hasi zirela. Etxarriko Kultur Etxeko beheko solairu batean hasi ziren, eliz kortan. Ni lanean hasi nintzenean hor denboraldi bat eman nuen eta geroxo udaletxeko estalopetako gela batean jarri genuen irratia, gaur egun hor gaudelarik.

8. Zer suposatzen du zuretzat irratiak?
Niretzat irratiak nire hastapenetara itzultzea suposatzen du, hor hasi nintzen ni lanean etxe honetan eta urte batzuren bueltan beste zeregin batzuetan ibili naiz eta ibiliko naiz, noski. Pozik nago tarte txiki batean, behintzat, itzuliko naizelako. Espero dut entzuleak ere hori sentitzea! Libre sentiarazten nau, bere xarma berezia du zu mikrofono aurrean egotearekin,gutxienez beste pertsona bat zu entzuten egongo dela jakiteak. Euskaraz eta bertako informazioa zabaltzen. Luxua!

9. Sare sozialetan egonen da?
Noski, gaur egun hortik kanpo bizitzea zaila litzateke.

10. Nola ikusten duzu goizero irratia egitearen erronka?
Niretzako erronka polita izango da, denbora gehiago eskaintzea gustatuko litzaiguke, baina une honetan bi orduko saioarekin abiatuko gara, eta gero gerokoak. Nik uste dut Sakana ezin dela euskarazko irrati bat gabe egon, luzaroan egon gara Beleixe irratia gabe eta suspertzeko garaia iritsi zaigu.

11. Nori zuzendutako saioa izanen da?
Edozeinendako izanen dela uste dut. Edozeinek har badezake parte, horrek esan nahi du gai oso ezberdinak jorratuko ditugula, beraz, edozeinek parte hartu nahi badu, iritziak eman, lagundu... hor izango gaitu.