Hezkuntza esperientziak partekatzen

Nafarroako Eskola Kontseiluak XXII. Jardunaldien barruan Sakana Lanbide Heziketa institutuak eta Sagrado Corazon ikastetxeak parte hartu zuten

Euren esperientzien berri lehenik Tuteran eman zuten, lastailaren 23an eta 24an eta, bigarrenik, Iruñean azaroaren 7an eta 8an. Institutuaren izenean Genaro Paniaguak, Berta de Pablok eta Jon Koldo Goikoetxeak azaldu zuten zer den ikasketa zerbitzu kooperazio programa. Institutuko ikasleak Sakanako ikastetxeekin eta Josefina Arregi klinikarekin harremanetan jartzen dira eta haiek konponbidea eman diezaioketen beharrik baduten galdetzen diete. Beharren premia jasota, ahalmenen arabera (ikastetxeak pagatu behar ditu materialak), ikasleek proiektu horiek gauzatzen dituzte.

Sagrado Corazon ikastetxetik, berriz, Mª Evangelina Uriz eta Susana Igoa joan ziren, Jose Joaquin Roldan Josefina Arregi klinikako mediku psikiatra eta AFAN elkarteko lehendakari Aurora Lozano lagunduta. Klinikak du proiektu bat zeinaren bidez ikasle txikiak Alzheimerra edo bestelako dementziak dituzten pertsonei bisitan joaten diren. Klinikak Sagrado Corazon ikastetxeari proposatu zion gauza bera DBHko ikasleekin egitea. Klinikako psikiatrak eta terapeutak zientzia edukia idatzi zuten eta ikastetxeari teknologia berrien klasean hari heltzea proposatu zioten. Joan den urtean iraileko azterketak garagarrilera aurreratzean, ikasturtea despeditzeko gelditzen ziren egunetan hura probatzen hasi ziren ikasle nerabeak. Aurreikusitako materialen erdia egina dute dagoeneko. Logotipoa sortu dute. Gainera, ikastetxean Alzheimerra beste eduki batzuk emateko marko gisa erabiltzen da.

Hezkuntza Kontseiluak antolatutako jardunaldiak hezkuntza komunitatetik eta komunitatera hausnarketak eramatea du helburu. Horretarako, honakoak ezagutarazi nahi izaten ditu: praktiken aldaketa eta hausnarketaren harremana lantzea, Nafarroako hezkuntza sisteman esperientzia esanguratsuak partekatzea, ikerketa-taldeen arteko ezagutzak modu iraunkorrean komunikatzeko bideak diseinatzea eta esperientzien ikusgarritasuna gizartera zabaltzea.

Argazkiak: Nafarroako Hezkuntza Kontseilua.