Gobernuak ‘Gurserako bidean’ dokumentala aurkeztu du

Guaixe 2019ko ots. 6a, 11:47
Dokumentalaren emanaldiaren aurretik Ana Ollo kontseilariak hitza hartu zuen. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Frantziako herri horretako kontzentrazio-eremura eraman zituzten nafarren memoria ardatz hartuta egin da ikus-entzunezkoa.

Nafarroako Gobernuak Iruñean egindako bi emanaldiren bidez Gurs-erako bidean dokumentala mustu zuen atzo. 1936ko estatu kolpearen ondoren kontzentrazio-eremu hartan bildutako nafarren historia errepasatzen du dokumentalak. Horretarako euren senideen lekukotzak jasotzen ditu. Besteak beste, Martin Soler altsasuarrarena. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanen kontseilari Ana Ollok esan duenez, ekimen horren bidez “Nafarroako Gobernuak errepresio frankista jasan zuten pertsonen memoria eta duintasunaren aldeko konpromisoa berretsi nahi du”. Bukatzeko, eskerrak eman zizkien dokumentalerako testigantzak eskaini dituzten pertsonei eta Gursen omenaldia egiteko aukera erraztu zuten pertsona eta elkarte guztiei.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia datozen hilabeteotan Nafarroa osoa zeharkatuko duen emanaldi-egutegia lantzen ari da. Gursen sakandarrak izan ziren eta ibarrean ere hura ikusteko aukera izanen da.