Irristalariek sekulako ikuskizuna eskaini zuten Olaztin

Guaixe 2019ko ots. 28a, 11:20

Nafarroako Abiadura Irristaketa Indoor Txapelketako III. Jardunaldia jokatu zen larunbatean Olaztin. Sakana Patin taldeak 2019 denboraldia aurkezteko probestu zuen data eta irristalari sakandarrek emaitza oso onak izan zituzten. Horretaz gain, Sakanan irristaketarako pista arautua sortzeko aldarrikapena egin zuten

Larunbatean Nafarroako Irristaketa Indoor Txapelketako III. Jardunaldia hartu zuen Olaztiko Erburua kiroldegiak, Nafar Kirol Jolasetarako eta Nafarroako Txikien Ligako baliagarria. Sakana Patin taldeak antolakuntza lan bikaina egin zuen eta harrera bikaina egin zien Nafarroa osotik etorritako klubei eta baita Burgosetik gerturatu zen irristaketa talde bati. Horrela, irristaketa festa ederra izan zen Olaztikoa, festa ikusgarria, Erburuan bildu ziren zaleek gozatu ederra hartu baitzuten.

Sakana Patin taldearen aurkezpena
Ekitaldia 2019ko Sakana Patin taldea aurkezteko probestu zuen talde sakandarrak. Oskar Zamarron monitorearen esanetara, aurten 40 neska-mutil inguru daude federatuta Sakana Patin taldean, hainbat proba eta txapelketetan lehiatzen. Talde argazkia egin zuten guztiek.

Sakana Patin taldeari Sakanan dauden beste irristaketa taldeak gehitu behar zaizkio: Olaztiko Sutegi, Altsasu, Urdiain, Etxarri Aranatz eta abar. Talde hauetan hasten dira txikienak irristaketan trebatzen, eta lehiaketetan aritzea nahi badute, ondoren egiten dute salto Sakana Patin taldera. “Sakanan modu batera edo bestera irristaketan aritzen diren 250 neska-mutiko inguru daudela aurreikusten dugu” azaldu digu Oskar ZMamarronek.

Sakanan irristaketa pista egotea aldarrikatu zuten
Olaztiko larunbateko Indoor Txapelketako jardunaldian parte hartu zuten irristalari guztiek, 240 irristalari inguruk, talde argazkia atera zuten Sakana Patin taldearen aspaldiko eskaera bat bere egiteko: Sakanan irristaketarako araututako pista bat egitearen beharra. “Aspaldiko aldarrikapena da. Sakanan irristaketarako pista behar dugu, behar bezala entrenatu ahal izateko eta larunbatean Olaztin antolatutakoa bezalako irristaketa txapelketak edo hobeak hartzeko” aipatu zuen Zamarronek. Sakanako hainbat irristalarik Iruñeko beste klubetara jotzen dute irristaketan ongi entrenatu ahal izateko eta Sakanan pista balego hori ekidingo zela uste dute Sakanako irristalariek.

Olaztin jokatutako Nafarroako Irristaketa Indoor Txapelketako III. Jardunaldiko emaitzei dagokienez, irristalari sakandarrak bikain aritu ziren. 30 sakandar inguru lehiatu ziren, gehienak Sakana Patin taldekoak eta baita Lagunak taldean dabiltzan Unai Villalobos, Ana Rita Correia eta Anne eta Iratxe Lapuente eta Amayan dabilen Unai Baztan.

Aurrebenjaminetan, emakumezkoetan Naia Olaiz Aldaz gailendu zen eta gizonezkoetan Asier Agirre Aldaz, eta benjaminen gizonezkoetan Eneko Pinto Vicente izan zen onena. Aipatzekoa da haurren, jubenilen eta juniorren mailan jokatu ziren erreleboetako lasterketen ikusgarritasuna. Haurren mailan, Intza Unamunok, Mara Gomez Zabalak eta Maddi Goya Antonek osatutako Sakana Patin taldea bosgarrena sailkatu zen 10 taldeen artean eta gizonezkoetan, Yerai Goikoetxea Garziandiak, Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak, Oier Ormazabal Ijurrak eta Oinatz Zelaia Gorrotxategik osatutako Sakana Patin taldea meritu handiko laugarren postuan sailkatu zen.

Argazkiak: Sakana Patin.