Komunikas Sarearen bosgarren topaketa hartu zuen Iturmendiko eskolak larunbatean

Guaixe 2019ko mar. 5a, 10:51
Eguraldi ona baliatuz, bilera Iturmendiko eskolaren kanpoko aldean egin zuten. Argazkiak: @Borjacolomina

Otsailaren 23ko topaketaren lehen zatia barne mailakoa zen, baina hamaiketakoa eta tertulia komunitate osoari zabalik zen.

Ikas komunitateak, hezkuntza eta eraldaketa soziala bilatzen duten hezkuntza jarduera arrakastatsuetan oinarritutako proiektua da. Horretan, ikasleen ikaskuntzan eta garapenean zuzenean edo zeharka eragiten duten pertsona guztiak hartzen ditu: irakasleak, familia, lagunak, auzokideak, auzoko eta tokiko elkarte eta erakundeen kideak edo boluntarioak. Herrialdeko hainbat eskola publikok Nafarroan Ikas Komunitate Sarean, Komunikas Sarean elkartuta daude.  

Eider Aldaia Iturmendiko eskolako zuzendari eta Haur Hezkuntzako tutoreak azaldu digunez, sarea hilean behin sareko ikastetxe batean elkartzen da. “Saio guztiek egitura bera izaten dute: lehenik, Ikas Komunitateko irakasle eta zuzendariak gure artean elkartzen gara, proiektuari nola aurre egin hitz egiteko, zailtasunei aurre egiteko bideak jorratzen ditugu, sindikatuekin hitz egin eta abar. Ondoren hamaiketakoa egiten dugu eta tertulia batekin bukatzen dugu”. Azken hori, “Ikas Komunitatearen izaera nagusietako bat da”.

Aldaiak argitu duenez, Ikas Komunitate proiektuan sinisten dute parte-hartzaileek, “baina egunerokotasunean bakoitza bere irlan dago eta halako topaketek indarra ematen dizute. Askotan ditugun zailtasunak oso antzekoak dira, partekatzen ditugu, bati funtzionatzen diona beste bati agian ere. Berritzeko modu bat da”. Zuzendariak gaineratu duenez, “Ikas Komunitatearen funtsezko izaera da hezkuntza komunitate osora irekitzea. Hau da, eskola herrira irekitzea, herria eskolan sartzea, gure proiektua beti guztiei zabalik dagoen zerbait da. Ez dadila goitik beherako zerbait izan. Modu dialogiko batean eta gauzak aurrera eramatea ikastetxeetan”. Beraz, ikasleen familiak gonbidatuta daude. “Gure ikastetxean hilean behin familiekin ere tertuliak egiten ditugu. Helburu nagusia da komunitatea eskolan sartzea eta denon proiektua izatea”.  


Topaketaz
Larunbatekoaz galdetuta, “kide batzuk sindikatuekin hitz egin dute, irakasleen profilen eta kontratazioaren inguruan. Horretaz aparte, urtean behin estatuko topaketak egiten dira. Udazkenean Iruñean izanen da. Prestaketa lanean hasi beharko gara”. Hamaiketakoa egin zuten ondoren. “Familiei laguntza eskatu genien eta primeran antolatu zuten”. Testu baten inguruan tertulia egin zuten bukatzeko. “Iturmendiko, Olatzagutiko gurasoak bazeuden, zentroetako irakasleak, klaustroa…”

Tertulian hizkuntzaren garrantziaz aritu ziren. “Haurrekin hizkuntza lantzeak, garuna edo ideiak antolatzeko nola behar dugun hizkuntza. Tertuliaren helburua da, gehien bat, espazio seguru bat sortzea non denok hitz egiteko eskubidea dugun, gure ideiak esateko eskubidea dugun, inor epaitua ez sentitzeko eskubidea dugun, berdintasunean hitz egiteko modua dugun. Irakasleak ez gaude inoren gainetik zerbait gehiago dakigulako, bakoitzak bere iritzia, bai familia, bai hezkuntza komunitateko beste kide bat izatea. Askatasun osoa izatea horren gainean hitz egiteko”. Aldaiak gaineratu duenez, “beharrezko ikusten dugu ikastetxea komunitatera irekitzea, inklusioa lantzea, aniztasuna lantzea. Epe luzerako proiektua da, beharrezkoa ikusten dugu honekin segitzea”. Hurrengo hitzordua Lekunberriko eskolan izanen da.