Igoa, Biain eta Otxoa Euskal Herriko txapeldunak

Guaixe 2019ko mar. 12a, 15:30

Emakumezkoen Gomazko Paletako Euskal Herriko Irekiko finalak jokatu ziren larunbatean Mallabian. 1. mailako txapeldunak Irati Igoa eta Espinal  izan ziren eta 3. mailakoak Uxue Biain eta Naroa Otxoa

Larunbatean Emakumezkoen Gomazko Paletako Euskal Herriko Irekiko finalak jokatu ziren Mallabian. Tartean Etxarri Aranazko Gure Pilota taldeko palista sakandarrak aritu ziren eta emaitza bikainak lortu zituzten, hiru txapela Sakanara iritsi baitira.

Euskal Herriko Irekiko 3. mailako finalean Arbizu eta Senosiaini 24 eta 30 irabazi zieten Uxue Biain eta Naroa Otxoa sakandarrek eta txapela Etxarri Aranatzera ekarri zuten. 2. mailako finalean Torres eta Maiz gailendu ziren, Balerdiri eta Urdangarini 24 eta 30 irabazi eta gero. Bukatzeko, 1. mailako finala jokatu zuten Irati Igoa etxarriarrak eta Espinalek, Murgaren eta Perez de Arriluzearen kontra. Final oso estua izan zen, lau palistak bikain aritu baitziren, baina zorionez txapela etxera ekartzea lortu zuen Irati Igoak, Espinalekin batera 30 eta 28 hartu baitzituzten mendean Murga eta Perez de Arriluzea. ETB4 kateak Euskal Herriko Paleta Gomako Txapelketako finalak igandean eskaini zituen.

Emaitza hauek argi erakusten dute Etxarriko Gure Pilota elkarteak emakumezkoen pala sustatzeko egiten duen lan itzela. Palista talde ederra du Etxarriko klubak, Nafarroako eta Euskal Herriko txapelketetan sekulako maila ematen duena.