Juniorrak Altsasura

Guaixe 2019ko mar. 15a, 11:49
Aurreko urtean Lizarte-Ermitagañako Mikel Retegik irabazi zuen Altsasuko Udaberri Trofeoa. Argazkia: Toño de la Parra.

Burunda Txirrindularitza Taldeak XXXIV. Udaberri Saria antolatu du igandean, 10:30ean

Burunda Txirrindularitza Klubak antolatuta, igandean XXXIV. Udaberri Trofeoa jokatuko da Altsasun, junior mailako txirrindulariek denboraldi honetan Nafarroan jokatuko duten bigarren lasterketa. Proba goizeko 10:30ean abiatuko da Foruen plazatik eta juniorrek 8o km-ko lasterketa izanen dute aurrez-aurre.

Txirrindulariek hasieran Ziordiraino joko dute, buelta hartu eta Etxarri Aranatzeraino iristeko. Han, norabidez aldatu eta atzera ere Burundarantz egingo dute, Ziordiraino, buelta hartu eta Olaztitik Altamira lehenengoz igotzeko. Altsasutik jaitsiz, Iturmendiraino iritsiko da tropela. Bertan buelta hartu eta Ziordiraino joango dira berriz txirrindulariak, bigarrenez Olaztitik Altamira igotzeko. Handik jaitsita, atzera ere Olaztira sartuko da tropela, Altamira hirugarrenez igotzeko. Azkenik, portua jaitsita Altsasuko udaletxe aurreko helmugaraino joko dute txirrindulariek.



Aurreko urteko Udaberri Sarian ez zen erasorik falta izan, baina azkenean 12 txirrindulariz osatutako taldea batera iritsi zen helmugara eta, esprintean, Lizarte-Ermitagaña taldeko Mikel Retegi gailendu zen. Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko ailetz Lasa laugarrena sailkatu zen eta Aralarko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria bosgarrena, biak denbora berean. Aurten ere etxeko taldeak, Burundako Quesos Albeniz taldeak, eta bizilagunak, Aralar taldeko Sakana Group taldeak, bertako trofeoa lortu nahiko dute.