AHT ibilbide proiektua

Tren sozialaren aldeko ideiez janzteko

Guaixe 2019ko mar. 15a, 11:24
Izurdiagan tren sozialaren aldeko eta AHTren kontrako pankartak kontzeju etxean.

Larunbatean, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean, Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez plataformak antolatuta, azkenekoz proiektua izapidetzen hasi zela urteurrena bete denean.

Ibarra gaur egun zeharkatzen duen trenbide sarea bikoiztu, haietan hirugarren erraila jarri eta herriei benetako zerbitzua emanen dien tren soziala defendatzen du Sakana Trenaren Alde plataformak. Sustapen Ministerioak Sakana alderik alde edo Altsasuraino zeharkatuko lukeen Abiadura Handiko Tren (AHT) egitasmoak mahai gainean ditu. Gainera, Nafarroako Gobernuak proposatutakoa dago, Bakaiku aldetik Gipuzkoarantz joko lukeena. Plataformako kideek adierazi dutenez, “inoiz ez dute aztertu egungo trenbide sarea berritzea eta indartzea”.

AHT egitasmoek Sakanan sortuko duten ingurumen eta gizarte kalteen berri sakandarrei emateko, eta estatuan abiadurak duen garapenaren inguruko informazioa emateko antolatu du biharko hitzaldian. Plataformako kideek ibarreko eraginen berri emanez hasiko da. Ondoren, Pablo Lorente, Sustrai Erakuntza fundazioko kidea eta Castejonen AHT kaltetua dena, fundazioak proposatutako alternatibaren inguruan hizketatuko da. Hitza hartzen hurrenak AHT sakon aztertu duten Euskal Herriko Unibertsitateko bi irakasle izanen dira: David Hoyos ekonomialaria eta Euskal Y-a: irtenbiderik gabeko atakan txostenaren egileetako bat eta Josu Larrinaga soziologoa eta TAV: Las Razones del No liburuaren egileetako bat. Azkenik, Tafallako Udaleko ordezkariak, AHTk Nafarroako erdi aldean dagoeneko eragiten ari den kalteen inguruan hitz eginen du.

Bestalde, hilaren 30erako, larunbata, 18:00etan, Altsasuko suhiltzaileen parketik abiatuko den manifestazioa antolatu du Tren soziala bai, AHT gelditu. Respetad la voluntad popular lelopean.

Plataformak zerrendatutako kalteak
Lubeta handiak, tunelak eta biaduktuak
150 futbol zelai beteko lituzketen zabortegi eta hondakindegiak
Beriaingo magalean hormigoizko zelaigune zabal eta luzeak aurreratze tokirako
Argindar azpiestazioak berriak...
Harresi efektua: Urbasa-Andia eta Aralar mendien, herriak eta beren basoen eta belardien artean…
Altsasuko tren geltokian ibilbide luzeko dituen azken zerbitzuak galduko ditu.
Aldiriko tren zerbitzuen murriztea.