Bulkada eguna iritsi da

Guaixe 2019ko mar. 15a, 11:10
Leitzan kanpaina aurkeztu zutenekoa.

Olatzagutian 13:00etatik aurrera ospatuko da. Gaur, berriz, Altsasuko gaztetxean gazte antolakundearen bilakaeraz ariko dira 19:00etatik aurrera.

Bulkada berrien garaia da! dinamika “40 urtez gazte antolakuntzan eta borrokan ibilitako gazte ororen dinamika da, Euskal Herri sozialista eta feministaren aldeko gazte bulkadena”. Leitzan irailean jarri zuten martxan eta ezker abertzaleko Jarrai gazte antolakundearen sorreraren 40. urteurrena gogoan. Lau hamarkada horietan hainbat belaunalditako kidek bat egin dute ezker abertzaleko gazte antolamenduarekin.  

Ernai eta Aitzina gazte antolakundeak Lemoan Gazte Topagunea antolatu dute aurtengo apirilaren 19tik 22ra. Askatasun bulkadak independentziara! leloa izanen du topaketak. Haren atariko Euskal Herrian barna hainbat Bulkada Egun antolatu dira eta Sakanakoa Olatzagutian izanen da bihar, Gazteok 40 urtez antolakuntzan eta borrokan lelopean. Sakanako “herri guztietako bulkada berriak batu nahi ditugu, baita urte luzez gazte borrokari bultzada eman diozuen belaunaldi desberdinetako kideak ere”. Horregatik, parte hartzeko deia luzatu dute “Sakanako gazteen harremana estutu eta gazte borrokari bultzada emateko”.

Olaztikoaren aurretik hiru saio antolatu dira. Lehena Arbizun izan zen otsailaren 22an eta gazteria eta desobedientzia gaia izan zuten hizketagai. Martxoaren lehenean gazte mugimenduaz eta gazte botereaz hizketatu ziren Urdiaingo gaztetxean eta despeditzeko, gaur, 19:00etan gazte antolakundearen bilakaeraz hizketatuko dira.

Egitaraua
13:00etan Poteo girotua eta kartel erakusketa, gaztetxean.
14:30ean Bazkaria eta bingo musikatua.
19:00etan Manifestazioa.
19:30ean Elektrotxaranga.
21:30ean Ogitarteko-jana.
23:00etan Kontzertuak: Aurrez aurre eta Trikidantz.