Arbizuko zumbathoia: solidarioa, arrakastatsua eta hunkigarria

Guaixe 2019ko mar. 19a, 11:53

Antolatzaileak "oso oso kontentu" daude ekimenak izandako babesarekin. Herri lasterketarako 178 dortsal saldu ziren eta zumbathonerako 644 sarrera

Igandean III. Arbizuko Zumbathon solidarioa jokatu zen, Perthesa duten familien elkartearen (Asfape) aldekoa. Lehenik eta behin, goizeko 10:00etan, Arbizuko haur lasterketa solidarioa jokatu zen eta, ondoren, 11:00etan, zumbathon solidarioa hasi zen. Arbizuko pilotalekua bete egin zen ekimen solidario honi babesa emateko eta antolatzaileak eta antolakuntzan ere buru-belarri ibili diren Asfape elkarteko familia sakandarrak oso eskertuta eta hunkituta daude ekimenak izan duen jarraipenarekin.

Asfapeko Estitxu Ruizek balorazioa egin zuen Beleixe irratian (107.3 FM). “Oso oso pozik gaude, oso eskertuta hurbildu zen jende pilarekin eta hurbildu izan ez zirenekin ere, askok ezin izan baitzuten joan baina beraien animoak eta laguntza iritsi zaigulako. Asfape elkartearendako zen jaialdian bildutako dirua, batez ere ikerketarako eta elkarteak bere ekimenak bideratzeko, famili-topaketak eta hainbat materialen gastua ordaintzeko” adierazi zuen.

Hiart Leitzak eta Anabel Arraizak aurkeztu zuten ekitaldia eta Carolina, Ainhoa, Maria, Itziar eta Mayra monitoreek prestatutako koreografiei jarraiki zumban aritzeko aukera izan zuten zumbathon solidarioan aritu zirenak, primerako giroan. Ezkurdia eta Irujo pilotariak ekimena babestu zuten eta hainbat zozketa egin ziren: Ezkurdia eta Irujo pilotarien kamisetak, Xota eta Lagun Artea taldeen kamisetak, Osasunako produktuak, hainbat produkturen loteak... eta abar.

Lasterketarako 178 dortsal eta zumbathonerako 644 sarrera
Eguraldia ere ongi portatu zen. “Goizeko 09:30ean lasterketarako dortsalak saltzen hasi ginen, eta dortsalak eskuratu ahala argazkia egiten genien korrikalariei. Dortsal bakoitzean perthesa duen umeren baten izena idatzita zegoen, eta egunotan argazkiak bidaliko dizkiegu ume horiei, ikus dezaten beraien ordez korrika egin zuela jendeak. Ez zuen euririk egin eta 10:00etan puntuan lasterketari ekin genion. Lakuntzako txirrindulariek kotxea utzi ziguten eta han igota, megafonia eta musika jarri eta Arbizun bueltatxo bat eman genuen. Bakoitzak bere martxan jarraitu zuen lasterketa, batzuk gure alboan, korrika, eta beste batzuk oinez, patinetetan, bizikletan…  jende pila bat hurbildu zen, eta bukaeran txokolatea banatu genuen, pasta eta bizkotxoekin” gaineratu zuen Ruizek.

Ruizek aipatu zuenez, herri lasterketarako 178 dortsal saldu zituzten. “Sakanako jendeaz gain perthesa duten familiak hurbildu ziren, Gernikatik, Aldatik, Iruñatik…”. Eta ondoren hasi zen Zumbathon solidarioa. “Guztira 644 sarrera saldu genituen zumbathoirako. Primerako giroa egon zen kiroldegian, oso giro polita, alaitasuna, laguntasuna… Bukaeran, perthes gaitza dugun familiei omenalditxo bat egin ziguten, aurresku bat dantzatu ziguten eta inguruan Irujo eta Ezkurdia ere bazeuden... Bukatzeko, Arbizuko elkartean bildu ginen bazkaltzera, eta perthesa duten haurren familien arteko topaketatxo bat egin genuen, elkar animatu eta esperientziak partekatzeko” gaineratu zuen Ruizek. Sakanan perthesa duten bi neska-mutikoak, Oihan eta Oihane, oso gustura egon zirela nabarmendu zuen Ruizek. “Zozketetako sariak banatu zituzten eta zenbakiak atera ere. 13 sari zeuden eta sariak banatu zituzten Ezkurdiarekin eta Irujorekin batera, eta haiekin squashean jolasten aritu ziren ere. Pilotazaleak direnez, oso gustura pasa zuten”.

Ruizek ez zuen eskerrak emateko hitzik. “Antolatzaileei, Arbizuko eta Lakuntzako udalei, parte-hartzaile guztiei, ekimena babestu duten guztiei... gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu; guretzako oso esperientzia polita, hunkigarria eta pozgarria izan da” aitortu zuen.