Maravillas gaztetxearen husteagatik lau sakandar epaituko dituzte

Guaixe 2019ko mar. 22a, 13:11
Iruñeko Alde Zaharreko Maravillas gaztetxea hartu zuen eraikina. Argazkia: utzitakoa.

Sakanako lanketa egiteko asanblada irekia eginen da Altsasuko gaztetxean bihar, 11:00etan.

Iruñeko Nabarreria auzoan zegoen Maravillas gaztetxea Nafarroako Gobernuaren aginduz bitan hustu zuen Foruzaingoak. Aurrenekoa joan den urteko agorrilaren 17an izan zen. Bigarrena, berriz, ilbeltzaren 8an. Gaztetxearen hustearen kontura zabaldutako auzibidean lau sakandar epaituko dituzte. Gazte lokalaren hustea salatzeko errepide mozketa transfeminista egin zen eta, horregatik, beste hiru sakandar auzipetu daude. Eta isunak ere jaso dituzte, “milaka eurotakoak”. Zitazio horiek ematera foruzainak joan dira auzipetuen etxeetara.

Maravillas gaztetxeko kideek jakinarazi dutenez, momentuz 82 pertsonek “errepresio juridikoa jasoko dute”: 35 auzipetu, 27 pertsonarendako isunak (oraingoz 100.000 eurotik gora), eta beste 20k isunak jasotzeko arriskuan. Epaiketa maiatzaren 9an eginen da eta hari begira, pasa den astean hainbat pertsona deklaratzera deitu zituzten.

Hori guztia dela eta, Sakanan bertan Maravillas gaztetxearen husteari buruzko lanketa egitea egoki jo dute eta biharko asanblada irekia antolatu dute Altsasuko gaztetxean, 11:00etan. Egon daitezkeen deialdietara adi egoteko eskatu dute Maravillas herriarendako eskatzen dutenek.