Biktima batzuen diskriminazioarekin bukatzeko eskatu dute

Guaixe 2019ko mar. 27a, 18:03

“Garaia da Estatuaren biolentzia jasan dugun biktima guztioi dagokigun aitortza emateko”, esan dute Egiari Zor fundaziotik. Besteak beste Patxi Arratibel Garziandia etxarriarraren lekukotza jasotzen duen bideoa argitaratu dute.

Biktimen duintasunari eta giza eskubideen urraketa larriei lotutako Egia Jakiteko Eskubidearen Nazioarteko Eguna zen igandea, eta egun hori aukeratu zuen Egiari Zor fundazioak “aitortzarik ez duten Estatuaren biktimek bizi duten diskriminazioarekin bukatzeko garaia dela” aldarrikatzeko. Fundazioko ordezkari Ixone Fernandezek eta Ane Muguruzak esan zutenez, “Euskal Herriko gatazkaren testuinguruan, pertsona asko hil dira azken mende erdian bizi izan dugun konfrontazio armatuaren ondorioz, pertsona gehiegi. Gure geografian mota askotako indarkeriak elkarrekin bizi izan dira, min eta sufrimendu handia sorrarazi dutenak”. Gaztigatu zutenez, “zorionez, indarkeriaren biktima batzuek zegokien aitortza jaso dute dagoeneko. Aldiz, ez da horrelakorik egon Estatu aparatuek praktikara eramandako indarkeriek kaltetu gaituztenondako”.

Fundazioko kideek adierazi zutenez, “jatorri bereko biolentzia oso desberdinak jasan ditugun biktimak gara. Gehien-gehienetan, ezezagunak garenak. Ukatu gaituztelako. Iruzurtitzat jo gaituztelako. Estatu espainiarrak eta bere sistema judizialak ahalbidetu dutelako jasan genituen eskubide urraketak eta krimenak posible izan zitezela”. Hego Euskal Herriko Parlamentuetan biktima mota horien aitortza egiteko “pausoak emateko saiakerak egin badira ere, oraindik, bizi dugun diskriminazio egoera gainditzeko egiteke dagoen bidea luzea da oso”.

Bi bozeramaileek ziurtatu zutenez, “Estatuak sorrarazi duen sufrimendu guztia ezagutu, ezagutzera eman eta aitortu beharra dago. Sufrimendu horien arduradunak zein izan ziren, zergatiak zein izan ziren ezagutu behar dugu. Egia osoa argitara atera beharra dago. Eta, bide horretan, guk ere egiteko handia dugula nahi dugu aldarrikatu”. Fundaziotik jakinarazi dutenez,”biktimon beharrak erdigunean jarriko dituen perspektiba” lantzen hasiko direla jakinarazi zuten. Hori “egia ezagutzean” oinarrituko dela gaineratu zuten: “egiak zauriak ixten ditu. Pairatu dugun tragedia berriro ez errepikatzea posible egiten du. Ehunka eta ehunka pertsonak bizi izandako mina aitortzeko baliagarria da. Biktimak erreparatzeko eta duintzeko bitartekoa eta bidea da”.

Horretarako, Estatuko biktimen testigantzak zabaltzeko asmoa agertu dute, “egia guztiak argitara ateratzeko, eta egia guztiek gatazkaren kontakizunean dagokion tokia izan dezaten”. Horretarako, tokian tokiko batzordeak sortuko dituzte “eta ikerketa informalak abiatu. Horien lana izanen da ebidentziak aztertzea, lekukoen testigantzak entzutea, informazio guztia argitara ateratzea eta ondorioak zerrendatzea, etorkizunean posible egiteko egia ezagutzea eta biktima horien aitortza ofiziala”. Bide horretan “ oraindik aitortzarik jaso ez duten bost biktimari hitza eman” diete bideo batean, “aitortza gabezia horrek haiengan zer eragiten duen ezagutzeko eta, haienak bezalako testigantzak ere entzunak behar dutela izan aldarrikatzeko”. Haien artean dago Patxi Arratibel etxarriarra. Guardia Zibilak 2011. urtean atxilotu eta inkomunikazio egoeran zegoelarik, torturak jasan zituen. Sinarazi zioten polizia deklarazioetariko batean “aztnugal” idatzi zuen, “laguntza” alderantziz. 2015. urtean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Estatu espainiarra kondenatu zuen, bere tortura salaketak ez ikertzeagatik.