Aralarren Aste Santuko ordutegiak zehaztuta

Guaixe 2019ko api. 17a, 19:40
Jendea Aralarko santutegiko erretaularen parean. Artxiboa.

Bihartik igandera bitartean elizkizun bereziak eginen dira. Aralarko aingeruaren irudiak igande arratsaldean utziko du santutegia herri herriko ibilbideari ekiteko.

Data seinalatuak dira Aste Santukoak kristauen egutegian. Erramu igandean hasi eta Pazko Igandea bitartean Jesusen nekaldia eta piztuera ospatzen dute fededunek. Horregatik, aparteko mugimendua izanen da herrietako elizetan, baita Aralarko santutegian ere. Aralarko Deun Mikel kofradiak jakinarazi duenez, bihar, Ostegun Santuan, 17:00etan meza izanen da santutegian. Jesusen azken afaria eta atxilotu aurreko orduak gogoratuko dituzte. Etzi, Ostiral Santuan, Jesusen gurutziltzatzea eta heriotza gogoratuko dituzte 17:00etan eginen den elizkizunean. Larunbatean, Pazkoa bezperan, santutegiko elizkizuna 20:00etan izanen da. Igandean, Pazko Egunean, Jesusen berpizkundea ospatuko dute 12:30ean eginen den elizkizunean. Gainera, Pazko Egunean ohikoa da Aralarko aingeruak herriak bisitatzeko irteera ofiziala egitea. Santutegitik 16:30ean Baraibarrerako bidea hartuko du.

Aralarko aingeruaren irudiak heldu den aste osoan Larraungo eta Araizko herriak bisitatu ondoren, apirilaren 29an, astelehenean, 19:00etan Iruñean sartuko da. Iruñera sartu aurretik, igandean, uhartearrek aingerua lagun errogatiba eginen dute Oskian. Dagoeneko Aralarko aingeruak  makina bat herri bisitatu ditu. Ohi den moduan, lehena Arruazu izan zen, martxoaren 16an. Eta 19an Lakuntzan izan zen.

Bestalde, Ostiral Sainduarekin, esaterako, Lakuntzan eta Altsasun prozesioak eginen dira, eguraldiak laguntzen badu.