Sakanako Herri Kirol Eguna igandean Arruazun

Guaixe 2019ko mai. 2a, 16:15

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, igandean izanen da, goizeko 11:30etik aurrera, Arruazun. Euria egiten badu, Lakuntzako frontoian izanen da ekitaldia. Sakanako aizkolari, harri jasotzaile eta trontzalariak ariko dira

Sakanako Mankomunitateak Sakanako Herri Kirol Eguna antolatu du igandean, maiatzaren 5ean, Arruazun. Lehen abenduan izaten zen Sakanako Herri Kirol Eguna, baina data kontuengatik aurreko urtean maiatzean egin zen, Lakuntzan, eta Sakanako herri kirolarien festa udaberrian antolatzen jarraitzea erabaki du Mank-ek. Esan bezala, aurten Arruazun izanen da, igande goizean. Baina euria egiten badu, Lakuntzako frontoira lekualdatuko da ekimena.

Partaideak
Sakanako Mankomunitateak sustatzen duen Sakanako Aizkora Eskolan Juanito eta Migel Angel Erdoziaren aginduetara trebatzen diren 13 aizkolari inguruk hartuko dute parte Arruazuko Herri Kirol Egunean. Haiekin batera, Mank-eko Sakanako harri jasotze eskola eta zentru teknikoan Mikel Lasarterekin trebatzen diren  3 harri jasotzaile ariko dira lanean. Horretaz gain, zortzi aizkolarik hartuko dute parte: Arkaitz Jauregi, Eloy Corchero, Juanjo Erdozia, Goizeder Beltza, Jaime eta Iker Gorriti aita-semeak, Juanjo Lopez eta Angel Eraso aizkolariek. Bukatzeko, Andra Mari ikastolako 2 trontzalari bikotek eta Iñigo Aritza ikastolako bikotek trontza erakustaldia egingo dute Arruazun.