Ezkurdia Buruz Buruko finalerdietara

Guaixe 2019ko mai. 6a, 12:44

Buruz Buruko final laurdenetan Erik Jaka 22 eta 14 irabazi ondoren, larunbatean Urrutikoetxea izango du aurkari finalerdietan

Joseba Ezkurdiak Buruz Buruko txapela janzteko hautagaia dela erakutsi zuen larunbatean Labriten. Final laurdenetan sartu zen lehian arbizuarra, Erik Jakaren kontra. Arbizuarra zen faboritoa, baina Erik Jakak denboraldi honetan koska bat egin du gora, eta jokatutako azken 16 partidetatik 15 irabazita iritsi zen Buruz Buruko final laurdenetara, tartean Artola bidean utzita. Hortaz, partida lehiatua espero zen Labriten. Eta horrela suertatu zen.

Labrit frontoia betea zegoela ekin zioten lanari Ezkurdiak eta Jakak. Lehen tantoa Erik Jakak egin zuen, baina arbizuarra ongi hasi zen eta tarte ederra atera zion Jakari (5-1, 9-2 eta 14-4). Jakak akats asko egin zituen, guztira 10 akats garbi egin zituen, tartean bost txapa eta saketik egindako bi falta. Eta horiek gehiegi dira. Hala ere, ez zuen partida galdutzat eman eta sakea berreskuratu zuenean erasora pasa zen gipuzkoarra. Bolearekin min handia egin zuen eta 14 eta 10 gerturatu zitzaion Ezkurdiari. Jakak sakez bigarren falta egin zuenean –pasa izango zelakoan Ezkurdiak pilota pasatzen utzi zuen, sakea erantzun gabe– sakea berreskuratu zuen arbizuarrak eta tartea atera zuen berriz: serio jokatu zuen, nerbioei ongi eutsi eta 17 eta 10era joan zen zuzenean, opari gutxi egin gabe. Soilik hiru huts egin zituen arbizuarrak partidan.

Jakak sakea berreskuratu zuen, eta atzera ere Ezkurdiari gerturatu egin zitzaion: 4 tantora hurbildu zen (17 eta 13). Baina Ezkurdiak ez zuen arrisku gehiago hartu nahi izan, eta piloteoan agintzen hasi zen. Horrela, markagailuak erakusten ez duen partida konplikatuan, 22 eta 14 irabazi zuen Ezkurdiak eta Buruz Buruko finalerdietarako txartela lortu zuen. Jaka agurtu ondoren, oihu ozena botaz ospatu zuen garaipena. Izan ere, Jakak estu hartu zuen arbizuarra, tarteka estuegi, baina kantxan hobeto egoten jakin zuen arbizuarrak eta finalerdietan dago jada.

ʺBerak ni baino hobeto egoten jakin du; gutxiago oparitu du eta uste dut berak egindakoarekin baino gehiago, nire opariekin irabazi duela partida” azaldu zuen Jakak bukaeran. Arbizukoak aipatu zuenez ʺbanekien sufrituko nuela. Sakearekin min handia egiten du, takada handiak egin dizkit eta nire burua sufritzen ikusi dut. Hortaz, irabaztearekin pozik”.

Finalerdietan Urrutikoetxea izango du aurkari Ezkurdiak
Buruz Buruko gainontzeko partidatan, Urrutikoetxeak 8 tantotan utzi zuen Bengoetxea VI.a eta egungo txapeldun Altuna III.a txapelketatik kanpo geratu da, Irribarriak 18 eta 22 irabazi baitzion amezketarrari partida estu-estuan. Gaur jokatuko da final laurdenetako azken partida, Tolosan, Elezkano II.aren eta  Peio Etxeberriaren artean.

Finalerdietan, Joseba Ezkurdiak Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari larunbatean Bilboko Bizkaian jokatuko den partidan (17:00, ETB1). Beste finalerdian, Irribarria eta gaurko partidako irabazlea, Elezkano II.a edo Peio Etxeberria, lehiatuko dira, igandean, Eibarko Astelenan (17:00, ETB1).