Sakanako Herri Kirol Egun bikaina Arruazun

Guaixe 2019ko mai. 6a, 15:00

Besteak beste, aizkolariak, harri jasotzaileak, trontzalariak eta moto-zerra erakustaldia izan ziren

Sakanako Mankomunitateak antolatuta, Arruazuk hartu zuen atzo aurtengo Sakanako Herri Kirol Eguna, Sakanako herri kirolarien festa dena. Egun ederra eta giro polita izan zen Arruazuko plazan. Aizkolariak, harri jasotzaileak eta trontzalariak aritu ziren lanean, eta Sakanako Harri Jasotze eskola eta zentro teknikoko monitore Mikel Lasartek motozerrarekin erakustaldia egin zuen.

Kirolari guztien talde argazkia egin eta berehala hasi zen erakustaldia. Hasieran Sakanako Harri Jasotze eskola eta zentro teknikoan Mikel Lasarterekin dabiltzan 3 harri jasotzaileen txanda izan zen. Saio guztian barna aizkolariekin eta trontzalariekin txandakatuz, erakustaldi polita egin zuten harri desberdinekin. Segidan Sakana Aizkora Eskolan Juanito eta Migel Angel Erdoziarekin trebatzen diren aizkolari gazteak hasi ziren lanean. Banaka eta binaka aritu ziren lanean, eta aizkora gustuko dutela, hori nabaritu zitzaien etorkizuneko aizkolariei. Mutilak ziren gehienak, Iraide Vergara izan ezik. Trontzalarien txanda izan zen ondoren. Andra Mari ikastolako bikote batek eta Iñigo Aritzako beste batek erakustaldi ederra egin zuten.

Zortzi aizkolarien txanda izan zen ondoren. Binaka arituz, ondoko aizkolariek hartu zuten parte erakustaldian:  Arkaitz Jauregi, Eloy Corchero, Juanjo Erdozia, Goizeder Beltza, Jaime eta Iker Gorriti aita-semeak, Juanjo Lopez eta Angel Eraso aizkolariek. Eta, bukaeran, Mikel Lasartek motozerrarekin erakustaldia egin zuen: txakur baten irudia egin zuen enbor batean eta harri jasotzaile batek buelta osoa eman zion plazari harri borobila gainean zuela.

Euren eguneko festa borobiltzeko, Sakanako Herri Kirol Egunean parte hartu zuten kirolariek bazkari ederraz gozatu zuten Arruazuko elkartean.