Sakandarrak Logroñon, Lekeition eta L´Ametllan

Guaixe 2019ko eka. 20a, 16:14

Sergio Garcia de Eulate 10.a sailkatu zen L´Ametlla del Marko distantzia erdiko proban,  Xabi eta Javi Borrega ongi aritu ziren sprint distantziako Lekeitioko Triatloian eta Jon Iturrioz txukun aritu zen distantzia erdiko Logroñoko Triatloian, bero itogarriari aurre eginez

Asteburuan hainbat txokotan lehiatu dira Sakana Triatloi Taldekoak. Jon Iturriozek larunbatean Logroñon jokatutako distantzia erdiko triatloian hartu zuen parte (1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21 km korrika). Igeriketa segmentuan ongi ibili zen altsasuarra, baina txirrindularitza segmentua ʺoso gogorra” egin zitzaiola aitortu zuen, bero izugarria egiten baitzuen. Korrikako segmentuan berotzarrari aurre egiten asmatu zuen altsasuarrak eta txukun bukatu zuen, gizonezkoen sailkapenean 275.a ( 5:32:12), Tripenta Terras de Lugo taldeko Gustavo Rodriguez txapeldunetik 1:40:07ra.

Egun berean, larunbatean, Xabi eta Javi Borregak sprint distantziako Lekeitioko Triatloian aritu ziren (0,750 m igerian, 21 km bizikletan eta 5 km korrika), aldi berean Euskadiko eta Arabako txapelketa zenean. Kategoria txikiak utzi eta aurten helduekin estreinatu da Xabi Borrega kadetea, eta naiz eta sarritan probetako gazteena izan, ongi egokitzen ari da. Luke Burns (1:00:03) eta Irene Loizate (1:08:32) triatletek irabazi zuten proban, Xabi Borrega 263.a sailkatu zen (1:20:27), kadeteetan 13.a, eta Javier Borrega 264.a (1:20:27).



Garcia de Eulate 10.a L´Ametlla del Marren
Bukatzeko, Sergio Garcia de Eulate altsasuarrak distantzia erdiko L´Ametlla del Mar Half Triatloian parte hartu zuen igandean (1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21 km korrika). Bare bare zegoen itsasoan Eulatek ohi baino denbora hobeagoa egin zuen igeriketa segmentuan, baina bizikletan ez zen normalean aritzen den bezain fin ibili. Hala eta guztiz ere, guztira bikain aritu zen eta sailkapen absolutuan 10.a sailkatu zen altsasuarra (4:25:06), Tricalavera taldeko Jordi Miranda txapeldunarengatik (4:00:30) ia 25 minutura.

Andueza eta Razkin txapeldun Eguesibarren
Larunbatean XIX. Eguesibarko Haurren Triatloia jokatu zen eta bertan aritu ziren Sakana Triatloi Taldeko txikienak. Gizonezkoen benjaminen proba Oihan Andueza Etxaiz altsasuarrak irabazi zuen eta Eneko Razkin Andueza lakuntzarra podiumera igotzear egon zen, laugarrena sailkatu zelako. Gizonezkoen kimuen mailan ere podiumaren gorenera igo zen Sakana Triatloi Taldeko kide bat, Alain Razkin Andueza lakuntzarra, sekulako proba egin eta helmugara bakarrik heldu eta gero. Eta haurren gizonezkoen mailan Antsoain taldeko Sergio Ajona gailendu zen eta Sakana Triatloi Taldeko Hegoi Lakuntza Zelaia altsasuarra podiumera igotzear geratu zen, laugarrena sailkatu baitzen.