Altsasu vs Milakolore futbol partida inklusiboan guztiok txapeldun

Guaixe 2019ko eka. 21a, 13:38
Agertokietatik Dantzalekuko futbol zelaira egingo dute salto Milakolorekoek.

Sociedad Deportiva Alsasuak Milakolore elkartearen aldeko futbol partida inklusiboa antolatu du larunbatean, 18:30ean, Dantzalekun. Altsasu taldeko futbolariek eta Milakolorekoek nahasita jokatuko dute, eta jaialdian jasotakoa Milakolore elkartearendako izango da

Sociedad Deportiva Alsasuak aspaldi zuen buruan Milakolore elkartearen alde zerbait egitea. ʺEz bakarrik elkartearen alde dirua lortzeko, baizik eta Milakoloreko neska-mutikoak futbolean murgiltzea sustatzeko. Askotan entzun izan dugu gaztetxo hauek ezin izan dutela futbolean aritu behar bereziak ez dituzten gaztetxoekin, eta guztiak elkartzea primerako ideia iruditu zaigu” azaldu dute Sociedad Deportiva Alsasuako arduradunek. Horrela, futbol partida inklusiboa antolatu dute.

ʺFutbol partida inklusibo honetan Altsasu futbol taldeetan aritzen diren neska mutikoak ariko dira, 14-15 urte artekoak, eta Milakoloreko neska-mutikoak. Guztiak nahasiz bi talde osatuko ditugu eta euren arteko partida da larunbatean, 18:30ean, Dantzalekun jokatuko dena” gaineratu dute Sociedad Deportiva Alsasua taldekoek.

Jasotako guztia Milakolorerendako
Partida bukatuta sari ematea eta txistorrada egonen da, eta sarrerekin eta pintxoekin lortutako guztia Milakolore elkartearendako izanen da. ʺHorregatik, eta partida oso berezia eta polita izango delako, jende guztiari larunbatean Dantzalekura hurbiltzeko deia egiten diogu, futbolariak txalotu eta Milakoloreren aldeko ekimena sustatzeko” animatu dute Sociedad Deportivakoek.