Sakandarra Emakume Master Cup San Fermin torneoan

Guaixe 2019ko eka. 25a, 11:07

Emakumezkoen torneoan parte hartuko dutenen artean Udane Vergara altsasuarra dago

Emakumezkoak gutxika bere tokia egiten ari dira pilotan. Horren isla, atzo Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermin Torneoa aurkeztu zuten Iruñeko udaletxearen aurrean. Iaz hasitako ibilbide arrakastatsuari jarraiki, eta Nafarroako Gobernuak emandako bultzadari esker antolatu izan da torneoa, eta bertan gaur egungo pilotari onenak lehiatuko dira, 16 guztira, bi mailatan: 18 urtez azpikoan eta maila nagusian. Labrit pilotalekua Sanferminetako zita garrantzitsuenetakoa da, eta Iruñaren bihotzean bere tokia izango dute emakumeek. Aurkezpenean Iera Agirre, Arrate Bergara, Miren Larrarte eta Andrea Aldaregia pilotariak izan ziren, eta baita ere Primitivo Sanchez, Nafarroako Gobernuko kirol zuzendari ordea, Maria Caballero, Iruñako Udaleko kirol zinegotzia, Alicia Leon, Iruñeko Laboral Kutxako bulegoko zuzendaria eta Miguel Pozueta, Nafarroako Pilota Federazioko lehendakaria.

18 urtez azpikoen mailan ariko diren pilotari guztiak nafarrak dira, eta bertan Udane Vergara altsasuarra dago. Maila nagusian ere nafarren presentzia nabarmena da. Guztira ariko diren 16 pilotarietatik 14 nafar dira, harrobian lan bikaina egiten ari denaren seinale.

Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermin Torneoan, uztailaren 6 eta 7ko asteburuan finalerdiak jokatuko dira, Lizarran, eta finalak sanferminetan jokatuko dira, uztailaren 13an, Labriten, goizeko 11:30etik aurrera. ETBk zuzenean eskainiko ditu finalak.

Finalak uztailaren 13an, larunbatean, jokatuko dira Iruñako Labrit pilotalekuan, goizeko 11.30etatik aurrera, eta bi partidak ETB-k zuzenean botako ditu, baina txapelketa luzeagoa izango da eta finalerdiak Lizarran jokatuko dira, uztailaren 6 eta 7ko aste bukaeran.

Laboral Kutxa Emakume Master Cup San Fermin Torneoa
18 urtez azpiko finalerdiak (uztailak 6-7, Lizarra)
Leire Oskoz-Ane Mendiburu / Katixa Agorreta-Arrate Bergara
Eider-Salbide-Olatz Ruiz de Larramendi / Udane Vergara-Garazi Lasa

Nagusien mailako finalerdiak (uztailak 6-7, Lizarra)
Amaia Jaka-Maite Ruiz de Larramendi /Miren Larrarte-Naroa Elizalde
Iera Agirre-Oihana Orbegozo / Andrea Aldaregia-Amaia Aldai