“Hasi den legealdiak elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetu behar du”

Guaixe 2019ko uzt. 25a, 19:18
Foro Sozialeko eta Altsasu Gurasoak ekimenetko kideak elkarrekin izan ziren prentsaurrekoan.

Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan taldeak horretarako ezinbestekotzat jo du Altsasuko auzia “konpontzea”  .

Altsasuko zortzi auzipetuei ezarritako zigorragatik “Nafarroa hunkituta” dagoela nabarmendu zuen Foro Sozial Iraunkorra Nafarroan taldeak atzo. Gaztigatu zutenez, “jendartearen gehiengoaren eredua dago, etorkizunari eta elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzari begira dagoena. Eta eredu horren aurrean, atzera begira dagoen eredua dago, konponbidea soilik irabazle eta galtzaileen logikan ulertzen duena”. 2016ko lastailaren 15ean gertatutakoa aurretik gaitzetsi zutela gogorarazi zuten Foro Sozialeko kideek, eta nabarmendu zutenez, “Nafarroan eta Madrilen gatazka egon denik ukatzen duten sektoreak eta epaitegiak izan dira Altsasuko gertaerak indarkeria zikloarekin lotu nahi izan dutenak”. Aldi berean, Altsasuko auziko epaian jasotako “diskriminazio astungarriagatik” kezka azaldu zuten: “auzi horretan erabili izana bereziki larria eta arriskutsua dela deritzogu, irizpide ideologiko eta politikoen araberako zigor ereduaren erabilera hedakorrari ate handi bat zabaltzen diolako”.

Bestetik, Nafarroan hasi den legegintzaldiari erreparatuta, Foro Sozialak nabarmendu zuen PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren akordioan “elkarbizitzaren eraikuntza eta gatazka delakoaren ondorioen konponbidea jasota” daudela. “Nafarroan hastear doan legealdiak elkarbizitza demokratikoaren eraikuntza ahalbidetuko duena izan behar du”. Horregatik, “guztiok egoerak eskatzen duen arduraz jokatzen eta dauden baldintzak baliatzen” jakitea eskatu zuen. Eta “elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzarako egiteke dauden hiru esparru” izendatu zituzten: Egia, Justizia eta erreparazioa biktima guztiendako, bazterketarik gabe; 35 preso eta ihesean dauden nafarren egoera konpontzea eta, azkenik, partekatutako memoria eraikitzea, gertatutakoa ahaztu gabe etorkizunari begira egonen dena.

Foro Sozialeko kideen iritziz, hori guztia lortzeko, Altsasuko Auzia “oztopo izan beharrean aukera  bihurtu behar dugu. Sententzia judizialekiko errespetu osoz, Altsasu Auziari, epai proportzional baten bidez, irtenbide ponderatu bat bilatu behar zaio. Oraindik garaiz gabiltza”. Aldi berean, Altsasu Nafarroarako eredua izan daitekeela gaztigatu zuten: “gizarte zibilak jakin izan du erantzun transbertsal eta inklusiboa eraikitzen; familiak, jendartea eta erakundeak, udala buru, elkarlanean. Altsasuko herriak elkarbizitzaren aldeko apustua egiten du, eta bertan aurrera eraman den lan-estiloa eredugarria izan daiteke datozen lau urteetan Nafarroan egin behar den lanerako”. Horretarako, “beti hauskorra den egoerari erregai gehiago botako ez dion sententzia bat behar da”.