Mendi lasterketak

Alvaro Ramosek eta Alizia Olazabalek irabazi zuten Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketa

Guaixe 2019ko urr. 4a, 09:37

Aritz Munarriz, helmugan hirugarrena, eta Izaskun Beunza, emakumezkoetan bigarrena, izan ziren lehen sakandarrak

Sakandarrak Olatzagutia-Urbasan (15 km)
Gizonak
1.Alvaro Ramos (Navasfrias) 1:23:54
3.Aritz Munarriz (Etx) 1:26:19
6.J.L. Beraza (Uhar) 1:28:54
10.Jokin Bereziartu (Alts) 1:32:26
14.Raul Audikana (Olaz) 1:36:47
23.Patxi Cano (Alts) 1:40:35
24.Fran Araña (Arb) 1:41:37
29.Mikel Astitz (Ihab) 1:44:18
30.Egoitz Aldaz (Olaz) 1:46:08
33.Asier Estarriaga (Etx) 1:47:03
43.Joseba Galarza (Iturm) 1:50:30
48.Jon Zufiaurre (Etx) 1:51:53
49.Imanol Mendinueta (Arb) 1:52:03
50.Iñaki Lacalle (Olaz) 1:52:10
67.Iñaki Arkauz (Lak) 1:58:24
69.Fermin Zornoza (Olaz) 1:59:16
72.Jon Garasa (Olaz) 2:00:05
73.Asier Ieregi (Arb) 2:01:41
76.Iñaki Camuel (Olaz) 2:03:02
78.Roberto Zornoza (Olaz) 2:04:12
83.Juan Pedro Ariz (Bak) 2:04:52
85.Iban Verdugo (Etx) 2:05:15
86.Iñaki Ganuza (Olaz) 2:05:48
94.Iurgi Flores (Zior) 2:11:28
95.Ruben Izko (Zior) 2:11:28
101.Raul Mendoza (Zior) 2:16:57
102.Juanjo Otsoa (Zior) 2:17:05
110.Javier Camuel (Ola) 2:27:09
117.Pedro Jose Zelaia (Arb) 2:52:33

Emakumeak
37.Alizia Olazabal (Irun) 1:47:42
51.Izaskun Beunza (Olaz) 1:52:12
52.Haizea Ramirez de Alda (Alts) 1:52:12
84.Maria Goikoetxea (Etx) 2:05:13
90.Izaskun Agirre (Olaz) 2:08:51
99.Maitane Txueka (Arb) 2:14:17
104.Ainhoa Markinez (Olaz) 2:18:45
106.Silvia Perez (Alts) 2:19:51

Larunbatean 13. Olatzagutia-Urbasa Mendi Lasterketa jokatu zen, Sutegi elkarteak zenbait entitate eta babesleren laguntzarekin antolatutako proba. Lasterketa herritarragoa izateko iaz hartutako erabakiari jarraiki, aurtengo lasterketa ere 15 km eta 900 metroko desnibel positibokoa izan zen, duela bi urtera arte antolatzen zen probaren ibilbide laburra. 138 korrikalarik hartu zuten irteera Olaztiko San Migel plazatik, horietatik 33 sakandarrek, goiz eder eta ikusgarrian, eta eguzkia lagun, gozatu ederra hartu zuten Urbasako paraje ederretan. 

Korrikalariek zuzenean Urbasako ipar gailurreriako punturik altuenera jo zuten, Tontorraundira (1.157 m). Bira gorabeheratsua egin zuten ondoren, ekialdera Altsasuko portugainetik (1.150 m), Morterutxora jaitsi (890 m) eta segidan Zelai handitik (1.113 m) Bargagainera heldu ziren (1.153 m), atzera ere Morterutxora iristeko. Hortik Olaztiko helmugarako bidea hartu zuten. 

Lasterketa “zoragarria”
Azkarrena Navasfriasko Alvaro Ramos izan zen (1:23:54). Ramosek hasieratik hartu zuen aurrea, baina gero Jon Vegas aguraindarrak aurreratu zion, 13. kilometroan. “Jarraitu diot banekielako eremu laua ongi doakidala. Orduan estutu dut, harrapatu dut, aurreratu naiz eta erritmoa mantendu dut“ azaldu zuen Ramosek helmugan. Azkenean, 21 segundo atera zizkion Jon Vegasi (1:24:15) eta Aritz Munarriz etxarriarrak osatu zuen podiuma (1:26:19). Jose Luis Beraza uhartearra seigarrena sailkatu zen, bigarren beteranoa. Ramos irabazlearen esanetan, Olaztikoa “lasterketa ederra da”. Eta hain zuzen ere Ramosek parte hartu zuen lehendabiziko mendi lasterketa Olaztikoa izan zen, duela bost urte. “Bueltatzeko ilusioa nuen, eta garaipenarekin, are gehiago. Eguraldi bikaina egin du eta ikuspegi zoragarriez gozatzeko aukera izan dugu” gaineratu zuen. 

Emakumezkoetan, Alizia Olazabal irundarra gailendu zen (1:47:42) Izaskun Beunza olaztiarraren aurretik (1:52:12). Haizea Ramirez de Alda altsasuarra hirugarrena iritsi zen (1:52:12). Olazabalek sarritan parte hartu du Olatzagutia-Urbasa lasterketan eta bertan garaipen batzuk baditu, iazkoa, esaterako. “Ez dut gogoratzen ere zenbat garaipen ditudan. Lasterketa oso teknikoa da hau, soilik gailurreriaren ondoren egin daiteke korrika. Mina ez hartzeko ongi kontrolatu behar da, baina lasterketa oso polita da” aipatu zuen bukaeran. 

Sari ematean txapeldunek trofeoak jaso zituzten, eta saritutakoek bertako produktuen loteak. Korrikalarien artean ere loteak zozketatu ziren.

Txikienendako lasterketak
Lasterketa jokatzen zen bitartean, haurrendako lasterketak antolatu zituzten herrian, txiki-txikien motortxo lasterketarekin hasi eta 4-7 urte, 7-10 urte eta 10-13 urte bitarteko adinekoen lasterketak. Guztira 33 neska-mutiko aritu ziren, festa giroan. Izan ere, San Migel festak ospatu zituzten Olaztin, giro beroan.