Gazte antolakundeek Altsasuko auziko mobilizazioetan parte hartzera deitu dute

Guaixe 2019ko urr. 22a, 15:14
Gazteak deitutako ekimenetan parte hartzeko deia egiten.

Hainbat gazte kolektibok eta elkartek Altsasuko auziko epaia salatzeko Iruñeko auzitegien parean larunbatean, 17:30ean, eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu dute, baita azaroaren 2ko elkartasun jaialdian ere.

Espainiako Auzitegi Gorenak Altsasuko auzian emandako epaia dela eta, Nafarroako hainbat gazte kolektibo, talde, antolakunde eta elkartek auziaren lege eta hedabide trataera gaitzetsi zuten hilaren 16an. Euren iritziz auzibidean zehar izandako urraketak zerrendatu ondoren, Altsasuko gazteriaren kriminalizazio saiakera” nabarmendu zuten. Eta adierazi zuten “beharrezkoa” deritzotela “gertakari horien trataeraren larritasunari buruz Nafarroako gazte guztien kontzientzia hartzea. Proportzionaltasuna, justizia eta oreka eskatzen dugu. Era horretako sententziek gazteria eta gure eskubideak arriskuan jartzen baitituzte. Gaur Altsasu izan da, bihar zu izan zaitezke", gaztigatu zuten. Altsasu Gurasoak taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak antolatutako ekitaldietan parte hartzera deitu zuten.