Konponbidea ere aukera bat da

Guaixe 2019ko aza. 13a, 08:58

Murriztu, berrerabili eta birziklatu filosofia zabaltzeko hitzordua dago azaroko asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, Gure Etxea eraikineko beheko solairuan. Matxura edo hautsiak dauden objektuak konpontzeko tailerra da.

Hozkailu bat plazaren erdian. Eta tailerraren berri ematen duen kartela. “Funtzionatzen duen marketin kanpaina” horrekin iragartzen da Kafe Konpondu tailerra herri batera iritsi dela. Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuaren bidez urtean ibarrean barna aritu da eta azaroarekin batera sortzen ikusi duen herrira bueltatu da, Altsasura. Batuta Sakana elkarteak Birziklatze Laborategia du eta handik bideratzen da Kafe Konpondu. 

Victor Ruiz Lopez de Heredia eta Luis Diaz Medina
Kafe Konpondu tailerretako adituak 

Izena laburtuz gero, zuena KK da?
Luis. Politagoa da K2 (k ber bi). 

K ber bi hori bi izenek osatzen dute. Kafea zergatik?
L. Ideia ez da gurea, aurretik bazen: jendearekin sozializatzeko kafea aitzakia izatea. Ideia da kafea hartzea eta jendea ahalduntzera gonbidatzea. Ikus dezala jendeak askotan gauzak konpontzea ez dela hain zaila. Ezagutza izan behar da. Baina horretarako gaude gu, laguntzeko, beldurra pitta bat gal dezaten. Gauzak konpondu, kafea hartu eta lagunak egin edo pitta bat sozializatu. 

Konpondu hitzarena, erantzun duzu jada. 
L. Hau guztia “urrezko hiru arauetatik” heldu da: murriztu, berrerabili, birziklatu. Ingurumenean sinisten dugu eta gure aletxoa jarri nahi dugu, Kafe Konpondu. Jendearen kontzientzia hartzean eragin behar dugula uste dugu: ez dadila izan soilik erosi eta bota, gauzak birziklatu eta berrerabili daitezke. Eta, batez ere, kontsumoa murriztea. Hori da Kafe Konponduren ikuspegia. 

Murriztu, berrerabili, birziklatu ahal izateko, Kafe Konpondun beti aritu batzuk egoten dira, ezta? 
Victor. Bai, zerbait badakigu. Sara Rubio Mazkiaran tapizatzen aritzen da eta lan interesgarriak egiten ditu, Luisek denetarik egiten du eta nik elektrizitatearekin eta etxetresna elektrikoekin lotura dutenak. Uda partean bizikleten konponketan laguntzen duen Eiande Argos Unanua ere etortzen da. Udan arrakasta handia izan du. Konpontzen saiatzen gara. Edo, gutxienik, esaten diegu nondik jo dezaketen. Tresnak duen arazoaren arabera banatzen dugu lana. 

Zerekin egiten duzue topo Kafe Konpondun? 
L. Denetarik ekartzen dute: hasi kafeontzi edo txigorgailu batetik, segi robot xurgatzailearekin edo ikuzgailuarekin eta izozkailu batekin bukatzeko. Azken hori Izurdiagan izan zen. Herri horrek asko harritu gintuen.

Diagnosia eta, ahal bada, jakina, konponketa!
V. Gauza asko ezin dira konpondu ordezko piezarik ez dugulako. Baina beste asko konpontzen dira, bai. Askotan azaltzen zaie objektuan zerk egiten duen kale eta ordezko piezak lortzeko egileari deitzeko esaten diegu. Eta konpontzea lortzen du.

Jendearen aldetik erantzun hori jasotzen duzue? 
V. Batzuk oso pozik etortzen dira. Altsasun hiru urte daramatzagu eta jendea pozik heldu da.
L. Gogoratzen zara hartaz? Ba, badabil. Etortzen den jendearekin harreman ona dago. Halako tailerretan akonpainamendua ere egiten zaie. Esaterako ikuzgailuarena. Ateko torloju bat hautsi zen. Emausko Trapuketariekin lan egiten dugu eta halako torlojuak lortzeko aukera dugu. Horrela konpondu genuen. Joan den urtean izan zen hori eta aurten bizikleta konpontzera bueltatu da pertsona hori. Baina askotan ez duzu antzeko piezarik, edo egokia den bat. 

Kafe Konpondu azaroan altsasuarrendako hitzordu bilakatu da? 
L. Bai. Jendea horrela ahalduntzeko laguntza eman zigun aurrena Altsasuko Udala izan zen. Ondoren, herriz herri ibili gara Sakanako Mankomunitateak eskatuta.
V. Mank-en helburua da jendea jabetzea gauzak konponduz hondakin gutxiago sortzen dela. Nafarroako Hondakin Planaren arabera 2010eko datuak kontuan izanik, hondakinen % 10 2020rako murriztu behar da eta % 12 2027rako. 

Jendea zergatik etortzen da Kafe Konpondura: berrerabilpen kontzientzia duelako edo objektuari atxikimendu berezia diolako? 
V. Biak. Badira batzuk esaten dutenak: zergatik erosi behar dut berria? Konponbiderik badu, konpontzea nahiago dut. Beste batzuek, berriz, haiekin bizi erdia daramaten gauzak ekartzen dizkizute. Hura erabiltzen segitu nahi dute.

Jendeak tresnen programatutako zahartzearen kontra egiten du? 
L. Askotan. Programatutako zahartzeaz aparte, enpresek traba ugari jartzen dizkizute. Eskarmentua badugu eta traba horien adibide txigorgailuak dira: Zentzurik ez duten torlojuak jartzen dituzte, normalak beharrean buru arraroko torlojuak jartzen dituzte, hirukiak, laukiak, gainera estalita… Programatutako zahartzeaz aparte, askotan konponketa egiteko oso zail jartzen dizute.

Esaten duzuenaren arabera, kafe asko hartzen dira. 
L. Bai. Badira egunak bakar bat edaterik izan ez duguna.

Jendeak gauzak konpontzera ekartzen ditu. Baina dakien saltsero bat konpontzera etor liteke? 
L. Zerbaitez dakien jende guztia ongi etorria izanen da. Horrela askoz ere errazago izanen da gauzak konpontzea.

Jendeak zergatik ekarri behar ditu bere trasteak Kafe Konpondura? 
V. Ekarri moduan bueltan eramatea. Hori gertatu ahal zaion gauzarik okerrena da. Gauza konpondu daitezke, zer dagoen gaizki ikusi daiteke, gauza gehienak konpondu daitezke. Jendeak bereak ekar ditzala.
L. Teknologia berriak konpontzea gero eta zailagoa da, mikro-gauzak dituztelako. Baina jendeak etortzeari beldurra galdu diezaiola eta Kafe Konpondura etor dadila hemen aulkiak, besaulkiak, irratiak, hozkailuak, telebistekin ausartzen gara… Jakina, mugak ditugu. Baina konponketa gehienak oso errazak dira eta jendea ikustean harritu egiten da. Azkenik, Altsasuko Udalari eta Sakanako Mankomunitateari eskerrak ematea, gure aletxoa ematen laguntzeagatik. Eta jendeari beldurrik gabe etortzeko.