Autodefentsa feminista tailerrean izena emateko epea zabalik

Guaixe 2019ko aza. 11a, 10:15
Bi emakumezko Ekai ondoan pasiatzen.

Azaroaren 22an eta 29an izanen da, ostiralak, 17:00etatik 20:30era, Etxarri Aranatzen

Sakanako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak autodefentsa feministako tailerra antolatu du. Haren bidez 16 urtetik gorako nesken eta emakumeen ahalduntzea sustatu nahi du Mank-ek. Emagin zentro feministako kideek emanen dute tailerra. Haiek azaldu dutenez, “emakumezkoon kontrako indarkeria emakumezkook kontrolpean eta menpeko mantentzeko sistema patriarkarraren metodoa da. Sexuaren araberako harremanak betikotzen ditu, gizonei boterea emanaz eta emakumeoi rol pasibo, sentibera, sakrifikatu eta ahula esleituz”. 

Emakumezkoek “sasi salbatzailerik behar” ez dutelako du auto- aurrizkia tailerraren izenak, eta defentsa “egunero jasaten ditugun eraso sexisten aurrean erantzun bat emateko”. Tailerraren izenburuaren azken hitza feminista da: “ balio justuagoetan oinarritutako harremanak lantzen” direlako. 

Helburuak 
Autodefentsa feministako tailerraren bidez emakumezkoek indarkeriarekiko dituzten bizipenak konpartitu eta bilduko dituzte. “Hainbat esperientzia partekatu eta iritzi trukaketa egitea”. Horrekin batera, “elkar entzutea eta hainbat beldurri eta emoziori buruz lasai hitz egiteko tartea eta espazioa eskaintzea” du helburu tailerrak. Aldi berean, indarkeria egoerak, hainbat erasoren identifikazioa eta indarkeriaren definizioa taldean landuko dituzte. Parte-hartzaileek, gainera, autodefentsaz aritzea eta autodefentsaz ulertzen dutena komunean jarri eta erasoei aurre egiteko estrategiak landuko dituzte. Azkenik, erantzun, alternatiba eta estrategietan sakonduko dute. “Bai indibidualki martxan jarri beharrekoak bai kolektiboki eraiki beharreko erantzun, dinamika, alternatibak” pentsatuko dituzte. 

Horretarako guztirako honakoak dira landuko diren gaiak: Zer dira eraso sexistak? Nola pairatzen ditugu? Nola identifikatu? Gure eskubideen gainean kontzientziatu behar dugu. Zein dira emakumeen aurkako indarkeriaren erroak? Erantzuna. Nola erantzun indarkeria egoerei?

Izen ematea
berdintasuna@sakana-mank.eus e-postan, azaroaren 18a baino lehen.