Duatloia

Sakandarrak ongi Bianako Duatloian

Guaixe 2020ko ots. 28a, 10:04

Sergio Garcia de Eulate 12. (eta beteranoen mailan 1.) sailkatu zen Distantzia Erdiko Proban. Francisco Javier Gomez beterano 2. mailako txapelduna izan zen Distantzia laburrean

Igandean VI. Bianako Printzerria Duatloia jokatu zen, bi distantziatan, Distantzia Erdian –10 km korrika, 70 km bizikletan eta 10 km korrika- eta Distantzia Laburrean –5 km korrika, 35 km bizikletan eta 5 km korrika–. Sakana Triatloi Taldetik 5 duatletek hartu zuten parte eta maila oso onean aritu ziren gureak. 

Distantzia Erdian ANB Triathlon Team Portugalete taldeko Gonzalo Fuentes izan zen azkarrena 88 partaideen artean (3:03:52). Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate altsasuarra 12. postuan sartu zen, 23 minutura (3:26:05) eta beteranoen 1 mailako txapelduna eta Nafarroako Distantzia Erdiko Txapelduna izan zen. eta Felix Benjumea altsasuarra ere ongi ibili zen, 25. postuan gurutzatu baitzuen helmuga (3:33:07). Xabier Gonzalez sakandarra berria da duatloian baina ongi ekin dio bideari, 44. postuan sartu baitzen (3:47:05). 

Distantzia Laburrean 144 duatleta aritu ziren eta Ascentium Arabatri taldeko Iker Ortiz de Zaratek irabazi zuen (1:33:56), ordu eta erdi lanean aritu eta gero. Francisco Javier “Pitxi” Gomez altsasuarra 35. tokian sartu zen eta bere kategoriako txapelduna izan zen, beteranoen 2 mailan (1:45:10). Juan Carlos Gomez 53. postuan sailkatu zen (1:48:03). Mikel Astiz ihabardarrak erretiratu egin behar izan zuen. 

Nagusien probez gain, Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak ziren probak jokatu ziren Bianan, eta gizonezkoen benjaminen mailan Sakana Triatloi Taldeko Unax Mazkiaran laugarrena sailkatu zen. 

Arbizuko eta Altsasuko Duatloietarako izena ematea zabalik dago
Martxoaren 21ean Arbizuko XXV. Duatloia jokatuko da, aldi berean Nafarroako Duatloi Motzeko Txapelketa izango dena, 15:30ean hasiko dena. Martxoaren 28an goizeko 10:30ean kategoria txikiendako Altsasuko Duatloia jokatuko da eta arratsaldeko 15:45ean, aldiz, helduendako X. Altsasuko Duatloia. Bi probetarako izena ematea zabalik dago Nafarroako Triatloi Federazioko web gunean –www.navarratriatlon.com–.