Pentsiodunek adinduen egoitzak publiko izatea aldarrikatu dute

Guaixe 2020ko eka. 1a, 10:07
Pentsiodunen protestetara ere iritsi dira maskarak.

Pandemiak egoitzetan eragindako heriotzak “eskandalua” direla salatu dute. Arrazoi gehiagorekin beharrezkoak jotzen dituzte 1.080 euroko pentsioak eta 1.200 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata.

“Kontzentratzen gara adineko pertsonen ahotsa entzun dadin. Errespeta gaitzaten, garena bezala, premia material, fisiko eta mentalak dituzten pertsonak. Horiek guztiak hil ala bizikoak dira, gure bizitzaren azken faseari aurre egin ahal izateko”. Sakanako Pentsiodunen, Erretiratuen eta Adinekoen Koordinadorako Fernando Iriartek esandakoak dira hitz horiek, bi hilabete eta erdiren ondoren, astelehenean pentsio duinen aldeko kontzentrazioa egin ondoren. “Jendea beldur da, horregatik kontzentratu gara lehen ginenen erdia”. Zendutako kide Pello Arregi ere gogoan izan zuten. 

COVID-19ak eragindako osasun larrialdia arintzen hastearekin batera bueltatu dira pentsio duinen aldeko kontzentrazioak. Eta “pertsona lehen lekuan jartzea” aldarrikatzeko baliatu zuen koordinadorak: “gizarteko sektorerik ahulena, zigortuena eta gutxietsiena gara”. Salatu zuten Nafarroan 512 pertsona hil dituela gaitzak eta horietatik 422 adinekoen egoitzetan hil direla (266 baieztatuta, 164 gabe; maiatzaren 26ko datuak). “Benetako eskandalua da”. 

Eredu aldaketa
Adinduen egoitzen egungo egoera posible egin dutenei egotzi diete heriotza horien guztien ardura: gehienak pribatuak dira; osasun arloko murrizketak; langileen ratioak murriztea… “Azken batean, kostuak murrizteko eta diru publikoa enpresa pribatuetara desbideratzeko politiken ondorio dira” Iriarteren iritziz. “Aspaldi salatu dugu egoitza horietan adinekoei zer-nolako tratua ematen dieten eta zein baldintzetan dauden. Ez dago baldintzarik duintasunez bizitzeko. Egoitza pribatuak negozio iturria dira. Helburua ez da adinekoen bizitza zaintzea eta luzatzea, baizik eta etekin handiena atera. Horren ondorioak adinekoek sufritzen dituzte”. Luis Igeltz, Sasoia, Nafarroako pentsiodunen eta jubilatuen elkarteko kideak berretsi du Iriarteren iritzia. Eta egoitza horiek publikoak izatea aldarrikatu dute. Eta bertan ari diren langileen lana aitortu dute. 

Gaur egun inoiz ezagutu den bizi-itxaropen mailarik handiena lortu da. “Baina horrek narriadura fisiko eta mentala dakar, eta aspektu guztietan zaindu behar da: materiala, fisikoa eta mentala. Pertsona batek behar duen maitasunaz, are gehiago dependentzia egoeran bada”. Horregatik, “adinekoei zor zaien errespetua eskatzen dugu, edozein mendekotasun-egoeran daudela ere, gure bizitzako azken etapa hau duintasunez bizi dezagun”. 

Aldarrikapenei eutsi 
Pentsio duinen aldeko mugimenduaren aldarrikapen nagusien artean daude 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea. Aldarrikapen horiei eusten diete. Igeltzek argi du: “koronabirusa pasatu dela eta ekonomiarendako kolpe gogorra izanen dela. Horregatik ez ditugu gure aldarrikapenak jaitsi behar. Berdin jarraitu behar dute. Hori oinarrizkoa zen lehen eta hala segitzen du izaten orain ere”. Igeltzek gaineratu duenez, “orain lehengo krisiaren modura gauzak egin nahi badituzte, ez dugula ezer egiterik. 

Iriartek: “Orain ekonomia salbatzera. Administrazioan eta gizarteak pentsatzen dute adinekoak gastua besterik ez garela. Kapital pribatua sartzeko prest dago, gero administrazioari dirua eskatzeko”. Igeltzek azaldu duenez, “gure borroka indartu, bideratu eta zabaldu beharko da krisi honen ondorioak, ekonomia suspertzeko eta sendotzeko beste bide batzuetatik joan beharko da.  Sekula baino gehiago elkartuta egon behar dugu. Gure etsaiaren jarrerak adineko pertsonen artean zein ondorio dituen badakigu. Ekonomiaren ardura dutenek beharko dute, nahi eta nahi ez, beste bide batzuk jorratu. Beste alderdi batzuetatik ere hori eskatzen ari zaizkio Espainiako Gobernuari: murrizketak ez egiteko, soldatak eta laguntzak behar bezala banatzeko”. 

Astelehenetan, 12:00etan

  • Garagarrilak 1, udaletxe parean.
  • Garagarrilak 8, Zumalakarregi plazan.
  • Garagarrilak 15, udaletxe parean.
  • Garagarrilak 22, Zumalakarregi plazan.