Koronabirusa Sakanan

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko herritarren arretarako bulegoa zabalik

Guaixe 2020ko eka. 2a, 12:57
Bulegoaren parean gobernuaren ibilgailua aparkatuta.

Arreta aurrez aurreko hitzorduaren bidez bakarrik emanen da. Hitzordua Internet bidez eta 848 427 000 telefono-zenbakira hots eginda eska daiteke.

COVID-19 gaitzak eragindako pandemiak itxiarazi ondoren, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko herritarren arretarako Irurtzungo bulegoak atzo zabaldu zituen ateak. Osasun larrialdiak eraginda, herritarren eta langileen segurtasuna bermatzeko bulegoa prebentzio neurriekin zabaldu dute, hau da, manparak eta bestelako bereizketa- eta prebentzio-neurriak hartu dituzte. 

Hala ere, Nafarroako Gobernutik jakinarazi dutenez, bulegoak bakarrik aldez aurretiko hitzorduarekin funtzionatuko du. Baraz, aurrez aurreko arreta nahi duten pertsonek hitzordua eskatu beharko dutela. Hitzordu eskaera Internet bidez edo 848 427 000 telefono-zenbakira hots eginda eska daiteke (astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara). Informazioa besterik eskatu nahi dutenek presentziala ez den beste arreta-bide batzuk erabil ditzakete: navarra@navarra.es helbide elektronikoa eta 012 edo 948 012 012 telefonoak. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko herritarren arretarako Irurtzungo bulegoa Trinitate kaleko 24. zenbakian dago.