Altsasukoarekin Sakanako garbigune sarea handituko da

Guaixe 2020ko urr. 19a, 14:48
Otaiko garbigunea. Argazkiak: Sakanako Mankomunitatea.

Bihar zabalduko da Otai eremuan dagoen garbigune berria. Sakandarrek bertan etxeko hondakin bereziak kudeatzeko aukera izanen dute, hau da, bilketa kamioiek eraman ezin dituztenak.

Sakanako Mankomunitateak hondakinen kudeaketarako Garbigune Sarea du. Orain arte Arbizuko garbigune finkoa eta herriz herri dabilen garbigune mugikorrak osatu dute sarea. Baina asteartetik aurrera Altsasuko garbigunea gehituko zaie. Altsasun mustuko den garbiguneak hondakin bereziak hartuko ditu. Hondakin horiek dira ohiko bilketa kamioi batek har ez ditzakeenak, bai arriskutsuak direlako, bai kamioiaren mekanismoa hautsi dezaketelako, edota legez debekatuta dagoelako. 

Bestela esanda, askotan Altsasuko edukiontzien ondoan agertzen diren hondakin horiek hartuko ditu garbigune berriak. Horrela haien kudeaketa hobea eginen du ibarreko erakundeak. Garbiguneak inolaz ere ez ditu industria hondakinak jasoko. “Horiek kudeatzaile pribatu baten bidez kudeatu beharreko hondakinak dira”.

Asmo bikoitza
Altsasuko garbigunea zabaltzearekin Mank-eko hondakin bilketa zerbitzuko arduradunek bi helburu dituzte. Hondakinen gaikako bilketan sakondu eta “Sakanak Nafarroan gehien birziklatzen duen mankomunitatea izaten jarraitzea”. Horrekin batera, “azken urteotan Pilotajauku inguruan sortu den legez kanpoko hondakin isurketa guneari konponbidea eman nahi dio”. 

Kanpo santuaren eta Txioka haur ikastolaren arteko Santo Kristo barren kalean 250 metro egin ondoren dago Altsasuko garbigunea. Eraikinean hondakin mota bakoitza non utzi argiki adierazia dago. Hala ere, garbigunean Mank-eko langile bat egonen da hondakin mota bakoitza non utzi azaltzen. Jendea garbigunera autoz edo oinez joan daiteke. Hori bai, astegunetan 09:00etatik 14:30era. Garbiguneei buruzko zalantzak 900 730 450 doako telefonora hots eginez edo info@sakana-mank.eus posta elektronikora idatziz argituko dituzte.

Zer eraman daiteke?

  • Inausketa: adaxkak, makilak eta landare-hesietako ebakiak.
  • Obra txikietako arrastoak: adreiluak, harriak, porlana eta zeramika. 2m3 gehienez.
  • Egurra: paleak, hautsitako altzariak eta markak edo zoruak. 
  • Tresna elektriko txikiak: mugikorrak, kableak, jostailu elektrikoak, monitoreak, erlojuak. 
  • Sukaldeko olioa. Ez eraman beirazko ontzietan. 
  • Pilak: alkalinoak, botoi-pilak eta berunik gabeko bateriak. 
  • Aire filtroak
  • Bateriak: Beruna daukaten bateriak. 
  • Ehunak: arropa, oinetakoak, poltsak, gortinak, alfonbrak, mantak eta maindireak.
  • Fitosanitarioak
  • Argiteria: LED, kontsumo baxuko bonbillak eta fluoreszenteak. Erregaiak: Gasolioa eta gasolina. 
  • Izotz-kontrakoa. Gehienez 5 litrotako ontzietan eraman.
  • Laborategi produktuak: termometroetako merkurioa eta soda kaustikoa. 
  • Margoa eta berniza: berniza, mota guztietako margoak eta tinteak. 
  • Erradiografiak. Paperezko sobrerik gabe. 
  • Motor olioa. Gehienez 5 litrotako ontzietan eraman.
  • Titoak: lapikoak, zartaginak, elektrikoak ez diren jostailuak eta tresnak, liburuak, koadroak, apaingarriak eta maletak.
  • Txatarra: objektu eta pieza metalikoak. 
  • Tamaina handikoak: garbigailuak, sofak, armairuak, hozkailuak, apalategiak, oheak, koltxoiak eta bestelako altzariak. 
  • Monitoreak: PC pantailak eta telebista zaharrak. 
  • Tonerrak: tinta kartutxoak eta inprimatzeko tonerrak.