Etxarri Aranazko lokal batean

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko mar. 3a, 14:27
Hesian taldeko hasierako kideak, 2006. urtean. UTZITAKOA

Hamabost urteren ondoren Hesianek agur esan du. Sorreran talde sakandarra izan zen. Hasierako urteetan "ezusteko" gorakada "izugarria" izan zuen, eta Euskal Herriko gaztetxeetan eta txosnaguneetan ezagunak egin ziren

2006 urtean Altsasuko Xabi Seko baxu jolea eta Aritz Etxeberria Etxebe bateria jotzailea eta Etxarri Aranazko Fran Urias abeslaria eta gitarrista herriko lokal "txiki batean" bildu ziren musika egiteko. "Hiru lagun ginen hasieran, gero bost, gero zortzi…", gogoratu du Xabi Sekok. "Halaxe hasi zen". Etxebek "oso presente du" Sekoren eta Uriasen deia jaso zuen momentua: "Gustuko nuen Dubet taldean jotzetik zetozen biak, eta beraiekin zer edo zer berria egiteak izugarrizko ilusioa piztu zidan". Bertsioak jotzen hasi ziren. Uriasek ere "oroitzapen oso politak" ditu. Lagunendako eta Sakana mailan kontzerturen bat jotzeko sortu zuten taldea.

"Nahiko xelebrea izan zen. Gogoratzen dut parranda batean Fran eta Xabi hurbildu zitzaizkidala eta beriekin taldean abestea proposatu zidatela. Tarte batez hitz egin ondoren, oker ez banago, baiezkoa eman nien". Amets Larraza etxarriarra taldearen ahotsa bihurtu zen. Neska baten ahotsa zuten rock talde gutxi zeuden, eta taldearen bereizgarrietako bat bihurtu zen: "Hasieratik egin genuen zerbait berezia, komatxoen artean, neska eta mutil ahotsak uztartuz", azaldu du Uriasek. Larrazarekin batera Erik Andueza gitarra jole arbizuarra sartu zen eta lokal batean bertsioak egiteko geratzen zen hirukote batetik, boskote bat izatera pasa zen.

Hasierako momentutan dena oso azkar joan zen. Arbizun antolatu zen Autodeterminazio egunerako abesti bat egitea proposatu zitzaien, eta abestiari indarra emateko haize instrumentuak sartzea erabaki zuten. Kanta egiteko Aritz Igoa Igotxo saxofoi jole etxarriarra, Eneko Garzia tronpeta jole olaztiarra eta Mikel Azpiroz Buton tronboi jole lakuntzarra taldean sartu ziren, zortzikotea osatuz.


Hesian taldearen hasiera; Elorrio. UTZITAKOA

Ospea
"Helburua lagunen artean gauzak egiten egotea zen". Denbora pasa bat bezala sortu zuten taldea, Sekok azaldu duenez. Etxebe iritzi berekoa da: "Gure instrumentuaz eta talde barri baten parte izateaz ekartzen duen ilusio hortaz gozatzea zen aukera bakarra, epe motzean". Baina hasieratik taldeak harrera "oso ona" izan zuten. "Egun batetik bestera astebururo geunden Euskal Herri osotik kontzertuak ematen. Topera geunden", esan du Uriasek. Garai horretan taldekide asko Unibertsitatean zeunden, eta bat-bateko arrakastaren arrazoietako bat hori izan zela azaldu du Uriasek: "Jende asko ezagutzen duzu eta, orduan, diskoa lagun bati eman eta berak bere herriko tabernetan eta gaztetxean jarriko zuen". Horrela hasi ziren mugitzen eta "konturatu ginenerako" kontzertuetan haien letrak zekizkiten. "Ez genuen inolaz ere espero. Momentu horretan ez genuen irrati formuletan eta ez zegoen Youtuberik eta sare sozialik".

Seko eta Urias Dubet taldean aritutakoak ziren, Etxebe lagunen artean sortutako Ekintza Zuzena taldean aritu zen, Garziandiak La Bamba Negra eta Tortazo taldeetan bateria jotzen zuen aurretik eta Larrazak bere anaiarekin kantu txapelketetan parte hartzen zuen, "baina talde bateko kide nintzela lehenengo aldia zen". Besteendako lehenengo aldia zen. "Saxofoia ikasi nuen, baina lau edo bost urte neraman ukitu gabe eta bat-batean, egun batetik bestera, lehenengo kontzertua 1500 bat pertsonaren aurrean izan nuen. Izugarria izan zen, inpaktantea", azaldu du Igotxok. Anduezak hasieran zaila egin zitzaiola esan du, izan ere, aurretik ez zuen talde batean jotzeko esperientziarik. "Garaiko bideoak ikusten ditudanean urduri eta geldi ikusten zait". Denborarekin askatu eta eszenatokian egoten ikasi zuen.


Hesian taldea hasieran, 2007; Plateruena. GAUILUNAK

"Hain azkar joan zen dena… Inondik inora ez genuen espero hain urrun iristea, eta are gutxiago hain denbora laburrean". Etxebek "bertigo" pixka bat ematen zuela esan du, baina ilusioarekin aurrera egin zuten. Sorpresa bat izan zen, eta hasieran "polita" Sekok adierazi duenez. "Edozein herritara joan eta ehun lagun topatzea kontzertuan, gero berrehun eta gero igotzen eta igotzen". Zerbait "pixka bat irreala" bezala bizi izan zuen, "astelehenetik ostiralera bakoitzak bere lana geneukan. Astean zehar ere entseguak eta abar egiten genituen, baina asteburuan bat-batean herri batera joan eta jendeak bazekien nor zinen, zuregana etortzen zen, argazkiak eskatzen zizkizun… eta astelehenean berriro fabrikara".

"Hasieran izugarria izan zen. 22 edo 23 urterekin furgoneta hartu eta Euskal Herritik festaz festa. Hasierako kontzertu horiek kontzertu eta parranda ziren. Esperientzia polita izan zen". Hala ere, Igotxok azaldu duenez, denbora pasa hala "pixka bat kargatzen" hasi zen. "Ezin dituzu planak egin eta abar". Anduezak hasiera batean "ongi" eraman zuen ospea, baina denborarekin "gehiegi" iruditu zitzaion ere.


Hesian taldea hasieran; Kukutza gaztetxea. UTZITAKOA

Agurrak
Ospea taldekide batzuk beste batzuk "baino hobeto" eraman zutela azaldu du Uriasek. Gurpilean sartu zirela aipatu du Garziandiak. Biak izan dira Hesianen bukaerara arte gelditu diren bi sakandarrak. "Ez zara konturatzen. Aurrera zoaz eta inertziak eramaten zaitu. Hasieran guk egin behar genuen dena, eta pixkanaka konturatzen zara zure atzean talde handi bat dagoela antolaketa lan horiek egiten", azaldu du olaztiarrak. Hasiera batean Uriasek kudeatzen zuen guztia: "Herrietatik deitzen hasten ziren; hiru kontzertu, lau... konturatu ginen norbait hartu behar genuela. Eta teknikari bat beharko dugu? Fran Perez altsasuarra hartu genuen eta asko lagundu zigun". Taldea profesionalizatzen joan zen, eta profesionalizazioaren bidearen mugarria taldekideen agurrak izan zen ere.

"Pentsa ezazu ni mundu guztiak utzi nauela. Hasieratik ni bakarrik gelditu naiz. Azkeneko kontzertuan ere Enekok ezin izan zuen jo, eta bera zen gelditzen zitzaidan bakarra". Uriasendako "oso gogorra" izan da taldekide bakoitza joan denean, "kasu batzuetan eramangarriagoa izan da beste batzuetan baino". Larrazaren irteeran "mundua gainera erori" zitzaiola aitortu du. "Oso harreman ona geneukan, oso harreman estua, eta taldean pisu handia zeukan bai musikalki bai letrak egiten". Inflexio puntu bat izan zen, nahiz eta biek abesten zuten, "taldearen ahotsa" zelako Larraza: "Eta orain zen?". Beste abeslari bat sartu zen Zuriñe Hidalgoren aurretik, "eta ez zuen funtzionatu. Beste kolpe bat". Hidalgo sartu zenean taldeak gorakada bat izan zuela azaldu du etxarriarrak.

Taldea utzi zuen lehenengo musikaria Buton izan zen. Gatillazoko baxu jolea izateko utzi zuen, hasi eta urte eta erdira gutxi gora behera. 2009an Larrazak eta Anduezak utzi zuten. "Ikasketak amaitu eta lanean hasi nintzenean, sentitu nuen asteburuak lasai hartzeko gogoa nuela, beste gauza batzuk egiteko tartea izateko". Astebururo kontzertu bat edo batzuk zituzten, eta taldearen erritmoa oso azkarra zela azaldu du Larrazak. Ospearen albo ondorioak aipatu ditu Anduezak ere taldea uzteko arrazoietako bat bezala: "Gehiegi iruditu zitzaidan niri. Hutsetik ehunera pasa ginen". Bi urtetan berrehun kontzertu baino gehiago eman zituzten, eta gainera lanarekin ere hemendik hona aritzen zen arbizuarra: "Ezinezkoa zen". Larrazak musikarekiko lotura izaten jarraitu du, eta piano klaseak jaso ditu. "Terapia moduko bat da". Anduezak "bere proiektu propioak" egin ditu.

"Erabaki hori hartzeko urte bat edo egon nintzen. Asko maite nuen gauza bat utzi behar nuen. Gogorra izan zen". Baina "bizitzaren kontuengatik" 2014an Sekok taldea utzi zuen ere. "Ondorengo egunak eta hilabeteak gogorrak izan ziren. Nostalgia puntu bat neukan". Hala ere, argi zeukan bidea hor bukatzen zela. Penarekin hartu zuen ere uste zuelako musikaren munduan egoteko aukera galtzen zuela, baita "beste gauza batzuk" egiteko ere. "Baina zortea izan nuen eta Aguraingo talde bat aurkitu nuen ia jarraian. Bi edo hiru urtez aritu nintzen". Proiektu hori bukatu eta orain "bakarrik etxean" jotzen du Sekok. "Musika barruan daukagu eta betirako da, baina ez dakit momentua den edo aukera asko dauden proiektu batean hasteko".

Sekorekin batera Etxebek utzi zuen: "Buruari mila buelta eman, gertukoenekin aukera honetaz hitz egin eta burukoarekin hainbat eta hainbat tira-bira izan ondoren estudioko bost disko eta zuzeneko bat atzean utzita proiektutik aldentzea erabaki nuen". Taldearen lehendabiziko "ilusio hori" denborarekin "itzaltzen" ari zela sentitu zuen bateria joleak. "Burua modu batera edo bestera deskonektatzen hasten da". Altsasuarrarendako ez zen "batere erraza" izan "onartzea" ezagutzen zuen guztia alde batera uzten zuela. Egoerari buelta eman zion eta taldean egondako zortzi urtetan alde batera utzitako zaletasunak berreskuratu zituen, "musikaren mundutik aldenduta". Bateria etxean jotzearen "gozatzeaz" konformatzen da. Hala ere, ez du baztertzen beste proiektu batean parte hartzea.

Hamargarren urteurrenean Igotxok utzi zuen. "Etxebek eta Xabik utzi zutenetik aritu nintzen pentsatzen". Erabakia aspalditik hartuta zeukan, baina "pena" sentitu zuen. "Gehien bat taldekideekin harremana galtzen duzulako. Harreman ona daukagu, baina ez taldean geundenean bezalakoa". Ez du musikaren munduan jarraitu, baina hainbat urte saxofoia jo gabe egon ondoren, konfinamenduan hartu zuen berriz, "eta herriko gaztetxo batekin zerbait egiten aritzen gara".

Gaztetxeetatik Gazteara
"Beraiek utzi zutenean, gainera batera utzi zutela, oso gogorra izan zen ere. Gu izan ginen taldea sortu genuenak. Lehenengo hazia izan ginen hirurak". Uriasek azaldu duenez, momentu horretan taldearen egitura "asko" aldatu zen; "beste forma bat hartu zuen".

Bi etapa oso berezituak egon dira taldearen ibilbidean. "Gertatzen dena da lehenengo etapa laburra izan zela. Hiru urte inguru iraun zuen". Garai horretan Hesianen abestien letrak "oso politikoak" ziren, eta ideologikoki "oso kokatuta" zegoen. "Gure jotzeko esparrua gaztetxeak eta txosnak ziren. Udalek ez gintuzten kontratatzen". Bere publikoa, ondorioz, profil berekoa zela azaldu du Uriasek. "Eta jende asko zen, gure adineko jende asko".


Hesian taldearen bigarren etaparen hasiera. UTZITAKOA

Bigarren etapa 2010. urtean hasi zen, gutxi gora behera. Gizartearen eta egoera politikoaren aldaketekin batera aldatu da taldea: "Paralelo joan gara. Kaleko jendea gara, eta hori xurgatu dugu". Bigarren etapa horretan "zale batzuk" mantendu ziren arren, aldaketa sumatu zuten taldekideek: "Dagoeneko ez ziren gure adinekoak. Gazteagoak ziren". Egoera politikoa urte horietan "oso mugitua" zela esan du Uriasek, "mugimendu asko egon ziren eta ni letrista bezala politikak ez zidan hainbeste ukitzen eta motibatzen". Beste abesti mota batzuk egiten hasi ziren, "beste letra batzuk", eta horrekin batera beste publikora eta ordura arte iritsi ez ziren hedabideetara iritsi ziren ere. "Maitasunari buruz hitz egiten hasi ginen eta bat-batean Euskadi Gaztean agertu ginen". Ate asko ireki zitzaizkiela aitortu du. Gaztetxeetan jotzetik Gaztean ateratzera pasa ziren. "Hori da".

"Eta egia da bigarren etapa horretan hamaika urte pasa dira, eta hor ere etapa desberdinak daude". Sekoren eta Etxeberen irteera "inflexio puntu" bat izan zen. "Taldea profesionalizatu zen, nolabait esateko". Musikariak "erdi" kontratatuak ziren.

Honaino iritsi da
Urias Zuriñe Hidalgorekin taberna batean elkartu zen "hamaika kontu" zituztelako hitz egiteko. "Bukaeran esan nion beste gauza bat esan behar niola. Berak ere zerbait esan behar zidala esan zidan". Eta biok gauza berdina esan behar zioten elkarri. "Taldeari ez niola etorkizunik ikusten esan nion. Zuriñek eskerrik asko esan zidan, ez zekiela nola esan".

Bitxia da, baina Hesian taldearen azken diskoa Hasiera deitzen zen. "Pentsatu genuen, jendeak pentsatuko du ergelak garela". Ziklo baten hasiera zela esan zuten, amaieraren hasiera agian: "Gure zen zer edo zer egin aurretik egindakoarekin zerbait desberdina egin. Eta horrela izan zen. Agian kanpotik ez zen hainbeste ikusten, baina lehenengo aldiz ekoizle batekin lan egin genuen". Saiatu behar ziren bidetik ateratzen, eta "ongi funtzionatu bazuen ere, ez zen mahaiaren kontrako kolpe bat izan". Orduan pentsatu zuten egin beharrekoa egin zutela, "honaino iritsi da gure ekarpena".


Hesian taldea osorik. UTZITAKOA

Pandemiaren aurretik hartutako erabaki bat izan zen, beraz, egoerak ez du erabakiarekin zerikusirik izan, Uriasen esanetan: "Aurretik geneukan. Aspaldi samar hartu genuen erabakia. Eragina izan du moduan, hori bai". Agur bira edo kontzertuak egitea aurreikusi zuten, baina "ez zegoen baldintzarik". Itxoitea "antinaturala" iruditu zitzaien.

Taldekide izandakoek penarekin hartu zuten albistea. Alde batetik, espero zuten Etxebek azaldu bezala, "bizitza honetan dena hasi eta bukatzen" delako, baina bestetik beraien bizitzako zati garrantzitsu bat izan zen Hesian, eta "bihotzean" eramango dute. Are gehiago Garziandiarendako: "Hesian niretako oso garrantzitsua izan da, berari esker nire alaben ama ezagutu nuelako. Esan daiteke Hesianek bizitza eman didala". Garziandiak ezin izan zuen azken kontzertuan jo, eta oraindik ez da bukaeraren "oso kontziente". "Nik uste pandemiarekin oraindik ez dugula guztiz sinisten. 2022ko udan kontzertuak ikusten gaudenean, eta guk ez ditugunean, hor konturatuko gara".

Azken kontzertua
Ezer esan gabe taldearen azken kontzertua izango zena egin zuten Bilboko Santana aretoan urtarrilaren 9an. "Oso emozionantea izan zen, eta nik uste publikoan ere nabaritu zela zerbait bazegoela". Azken unera arte azkena izango zela esan edo pentsatu zuten, baina azkenean hoberena ez esatea izan zela erabaki zuten. "Egoeragatik joan zirenak joan ziren, eta aretoa bete zen".


Hesian taldearen azken kontzertua Bilboko Santana aretoan. UTZITAKOA