Sortu presoak askatzearen alde

Guaixe 2021ko api. 16a, 11:35

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxean hitzaldia. Bihar, 17:00etan, Iruñeko Sarasate pasealekutik, manifestazioa. 

Larunbata Preso Politikoaren Nazioarteko Eguna da. Horregatik, Sakanako Sortuk preso politikoen egoerari buruzko bi hitzaldi antolatu ditu. Bata atzo egitekoa zen Arbizun, baina osasun egoera dela eta bertan behera gelditu zen. Beste hitzaldia gaur, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxea eraikinean eginen dute. Horrekin batera, Sortuk presoak aske uztea exijitzeko manifestazioak deitu ditu hego Euskal Herriko hiriburuetan, 17:00etan. Sakanako Sortuk Iruñeko Sarasate pasealekutik abiatuko den martxan parte hartzera deitu du. 

Sorturen Nazio Kontseiluak Askatasuna izeneko adierazpena aurkeztu du eta bertan jasotzen denez, euskal preso eta iheslari politikoak gatazka politikoaren ondorio eta adierazpide dira, eta horien kontra aplikatutako neurri guztiak “politikoak” eta “kolektiboak” dira. Sortuko kideek “konponbide politikoak eskatu ditu arazo politikoendako”, eta preso politikoen gaiari irtenbidea emateko eskatu du. Horretarako, beharrezkotzat jo ditu kontsentsu zabala eta mobilizazio soziala. Aldi berean, nabarmendu zuten Espainiak ezin duela beste alde batera begiratzen jarraitu. Sortuko kideek nabarmendu dutenez, “elkarbizitza demokratikoak preso politikoen askatasuna eskatzen du”, eta gizartea mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.