Zurrumurruen kontrako hitzak

Guaixe 2021ko ira. 23a, 11:11
Saritutakoak eta antolatatzaileak.

Olatzagutiko kultur etxean banatu zituen Anitzartean kulturartekotasunen zerbitzuak II. Zurrumurruen kontrako ipuin laburren lehiaketako sariak. Deialdia egiterakoan zerbitzuak “zurrumurrurik gabeko Sakana berri baten eszena tokia amestea” eskatu zuen. 

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak “urteak daramatzagu kulturen arteko elkarbizitza lantzen. Zurrumurrurik gabeko Sakana berri baten eskenatokia amesten dugu. Bide horretan jabetu gara zurrumurruek, estereotipoek eta aurreiritziek zenbateko kaltea sortzen duten elkarbizitzan eta ipuin laburren bidez hausnartzeko gonbidapena egin dugu”. Hala azaldu ditu Begoña Zestau Baraibar teknikariak Zurrumurruen kontrako ipuin laburren lehiaketaren nondik norakoak. 

Horregatik, lehiaketako epai mahaiak aurkeztutako ipuinak baloratzerako garaian izan ditu “zerbitzuaren aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza baloreak” islatuak izatea. Baita gizon-emakumezkoen arteko berdintasuna eta zurrumurruetatik libre den eszena toki bat marraztu duten ipuinak ere. Jakina, kontakizunaren balioa bera ere kontutan hartu du. Guztira 17 lan aurkeztu dira lehiaketara, “maila baikorra izan da” jakinarazi du Zestauk. Euskarazko 16 urtetik gorakoen mailan ez zen lanik aurkeztu eta, horregatik, 16 urtetik beherakoen mailan bost aipamen berezi banatzea erabaki zuen epaimahaiak. Saritu guztiek ere Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen Elkarteak (SDOZE) emandako txartel bana jaso zuten, elkarteko establezimenduetan gastatzeko. 

Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua heldu den urteko edizioan pentsatzen hasi da dagoeneko. Apika, lehiaketaren data aldatzea aztertzen ari da, orain arte garagartzaroan deitu baita. Baina horren berri aurrerago emanen du. Zestauk aurreratu duenez, lehiaketara aurkeztutako ipuinekin etorkizunean bilduma argitaratzeko asmoa dute. Sari banaketan, SDOZEren izenean Pako Aldasoro egon zen. Han ziren ere Anitzartean batzordeko Maria Saez de Albeniz Bregaña eta Olatzagutiko alkate Joseba Vizuete Askargorta. Bestalde, lehiaketa Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako zuzendaritzak diruz lagundu du. 

Erlazionatuak

Zurrumurruen kontrako kontakizunak

Alfredo Alvaro Igoa 2021 ira 21 Olazti