FRANTZIAKO TOURRA

Van Motor-en beste erakustaldia

Van Aert-ek irabazi du erlojupekoa, eta Vingegaard erortzeko zorian izan da, gehiegizko arriskua hartuz.

Dena, edo ia dena zegoen erabakita, baina erlojupeko polita izan da. Emozioa azken txirrindularia helmugaratu arte mantendu delako, eta espezialista-indartsuenak zalantza, nork irabazi duda, bizi-bizi mantendu muturreraino. Filippo Gannak markatu du denbora onena, faboritoen artean, baina Van Aert-ek aise gainditu du italiarraren denbora. Marka bikaina egin du belgikarrak, baina Tourreko azken erlojupekoetan espezialista izan edo ez baino erabakigarriagoa da txirrindularien indarra, eta tarteko erreferentzietan garbi ikusi da sailkapen nagusiko lehen hiru ziklistek lan ona egingo zutela. Van Aert Geraint Thomas baino hobexeago ibili da, Pogacar baino dezente hobeago, baina galtzaile Vingegaard-ekin. Bai behintzat 10.6 eta 22.5 kilometroetako erreferentzietan. 32. kilometroan antzeko denbora egin dute liderrak eta Van Aertek, baina bukaera bihurrian hobe kudeatu du indarra Van Aert-ek, eta etapa irabazi aise. Bukaeran adierazi du Van Aert-ek giltzarri izan dela azken 8 kilometroetara indar apur batekin iristea, eta bete-betean asmatu du. Van Aert diogi, baina Van Motor ere esan genezake.

Vingegaard Pogacar eta Thomas baino indartsuago aritu da, baina egin behar ez zuen akatsa egin du. Helmugara zeraman azken aldapako atariko jaitsieran gehiegi arriskatu du, eta muturreko galanta hartzeko zorian izan da. 3.25eko abantailarekin ez zuen zertan hainbeste arriskatu, eta zentimetro gutxi batzugatik baino ez da harkaitzen kontra joan. Beldurtu egin da danimarkarra, ozta-ozta libratu duen erorikoaren ostean, eta horrek Van Aert-en garaipena ziurtatu du. Vingegaard oso lasai jaitsi da erortzear egon den ondorengo zatian, eta azken adapan ere hanka altxa duela nabaritu zaio, jendea  agurtuz eta pozarren, bere lehen Tourra irabaztear zelako. Pogacar-ek eta Geraint Thomas-ek lagunduko dute bihar Parisko podiumean. Nabarmentzeko modukoa Alexander Vlasov-en eman duen aurrera pausoa. Errusiarra zazpigarren zen nagusian, baina egin duen erlojupeko onari esker Top 5ean sartu da.

Bihar bukatuko da Tourra, akaso historiako azkarrena. 115 kilometro baino ez, Paris inguruetan, eta bukaera Les Champs Elysees-en, Eliseoko Zelaietan, ilunabarretik gertu. Omenaldi beroa Tour historikoa bukatzeko gai izan diren guztientzat.