I. Pulpo a feira antolatu dute Uharte Arakilen

Guaixe 2015ko mai. 29a, 09:30

Ostiraletik igandera bitartean Uharteko plazatik pasatzen direnek Galiziako jakiez eta ardoek gozatzeko aukera izango dute

 

Uharte Arakilgo plazak Galiziako itxura hartuko du asteburuan. Izan ere, I. Pulpo a feira antolatu dute. Galiziako pulpeiro batek, Pulpeiro Barallak (Lugo) karpa jarriko du Uharte Arakilgo plazan, eta bertara gerturatzen direnek Galiziako produktuak dastatzeko aukera izango dute: olagarroa, itsaskiak, txurraskoa, kriollo delakoak, eta, jakina, guztia Ribeiro eta Alvariño ardoez lagunduta. 

Ideia aurreko urtean sortu zen. Uhartear talde bat oporretara joan zen Galiziara, eta bertako herri batean Pulpeiro Barallak pulpo a feira jarria zuen. Bertara hurbildu, esperientzia gustatu eta ea Nafarroara etortzera animatuko ziren galdetu zioten. Telefonoak trukatu eta aurten berriro ere harremanetan jarri ziren. Hitzordua lotu eta asteburu honetan guztian Galiziako olagarroa eta itsaskiak dastatzeko aukera izango da Uharte Arakilen.

Asteburu guztian zabalik

“Beraiek ekartzen dute dena: karpa, mahaiak, aulkiak, sukaldatzeko behar duten guztia, eta, jakina, Galiziako produktuak. Eta gero egunero zabalik egongo da zerbitzua. Bertan prestatzen dituzte olagarroa, itsaskiak eta kriollo delakoak. Nahi duenak bazkaldu dezake, edo afaldu, edo besterik gabe zerbait pikatu… bakoitzak nahi duena. Ostiralean 20:00etan zabalduko dute karpa eta larunbatean eta igandean egun osoan egongo da zabalik, 12:00etatik aurrera. Guk dakigula Sakanan ez da halakorik antolatu eta esperientzia ezberdin eta erakargarria da Sakanarako” adierazi du Uharteko bizilagun Nerea Bakaikoak.

Sakandarrei bertara hurbiltzea animatu diete. “Badakigu asteburu honetan ekitaldi ugari daudela Sakanan, baina horrek ez du galarazten tartetxo batean Uhartera hurbiltzea. Gauza batek ez du bestea kentzen. Adibidez, Arbizun Benito Lertxundiren kontzertua baino lehen Uharteko pulpeirotik pasatzea plan bikaina izan daiteke, edo Uharten afaldu ondoren Etxarriko euskal festara joateko. Edo igandean bazkaltzera gerturatzeko Pulpeiroa plan bikaina da, ezberdina eta Galiziako itsaski bikainak dastatzeko aukera ederra. Sakandar guztiak animatzen ditugu” gaineratu du Bakaikoak.