Joxe Mari Mercero, Espainiako Txapeldun

Guaixe 2016ko api. 27a, 13:11

Espainiako Beteranoen 10 Km-ko Ruta Txapelketa irabazi du 75 urtez gorako kategorian

Joxe Mari Mercerok sasoi bikainean jarraitzen duela ez du inork ukatzen. Urteak pasa, Sakanako eta Euskal Herriko probetan parte hartzen jarraitzen du 77 urteko unanuarrak. Eta gure mugetatik kanpokoetan ere. Asteburuan Teruelen, Alcañizen, Espainiako 10 km-ko Ruta Txapelketa jokatu da. Beteranoen mailan, 75 urtez gorako kategorian, jaun eta jabe izan da Mercero. “52 minutu eta 25 segundoko muga genuen proba osatzeko. Ni katarroarekin ibili naiz eta ez nengoen nire onenean, baina proba 51:30ean despeditzea lortu nuen. Ni izan nintzen gure kategorian zehaztutako denboran proba osatu  nuen bakarra” adierazi digu Espainiako Beteranoen 10 km-ko Ruta Txapelketako txapeldunak.

Martxoan Calatayuden jokatutako Espainiako Kros Txapelketan Mercero beteranoen 75 urtetik gorako kategorian lehiatu zen (6.143 m) eta unanuarrak zilarrezko domina jaso zuen. Asteburuan, ordea, urrezkoa ekarri zuen Alcañizetik.

Hurrengo proba Iruñean jokatuko du, maiatzaren 8an, Iruñeko Maratoi Erdia. “Proba horretan beti antolakuntzan ibiltzen naiz, Beste Iruña klubekoa bainaiz, baina esan didate Espainiako txapelduna naizenez Maratoi Erdian aritzeko, 10 km-ko proban. Eta kaso egin beharko diet” adierazi digu unanuarrak.