Kontzejuak auzolanaren ordenantza berritu du

Guaixe 2016ko eka. 24a, 09:16
Plazaondoko etxeak.

Auzolana arautzen duen ordenantzan aldaketa onartu du Unanuko Kontzejuak. Javier Mozo Lizarraga kontzeju-buruak azaldu digunez, “kontrola hobe eramateko” aldatu dute ordenantza. Mozok azaldu digunez, unanuarrek urtean hirutan herriaren mesederako lan eta zerbitzuak egiten dituzte. Larunbatetan egiten dituzte, 8:00etatik 14:00etara. “Dagoenaren arabera, garaian garaikoa egiten da, herria txukun mantentzeko.” Hala, heldu den astean hasiko diren festei begira, eszenarioa jarri beharko dute.  

Ordenantza onartu berriaren arabera, Unanuko etxe bakoitzeko kide bat egonen da beharturik auzolana egitera. Kide horrek ez du zertan erroldaturik egon eta bere etxea ez da zertan ohikoa izan. Hala ere, salbuespenak ezarri dira: 18 urte baino gutxiago eta 55 urte baino gehiago dituztenak, %25etik gorako ezintasun-maila duten ezindu fisiko, psikiko eta zentzumenezkoak dituztenak eta preso daudenak. Auzolanen ordenantzan jaso denez, Unanuko Kontzejua behartua dago auzolanean ari direnek izan ditzaketen istripuen arriskuak estaltzeko.

Maiztasunaz
Urtean gutxienez hiru eta gehienez bost auzolanera deitu ahalko du kontzejuak eta egunak ezin izanen dira bata bestearen segidan izan. Deialdia 48 ordu lehenago egin beharko du. Urte batean egindakoak ez dira hurrengo urtean kontuan hartuko. Larunbat goizetan eginen dira auzolanak, “salbu eta justifikatuta legokeen kasu berezia bada.”

Bakarren batek auzolanera joaterik ez badu, garaiz jakinarazi eta beste egun batean ordezko lan bat jarriko zaio. Bestela, lanerako egokia den beste pertsona batek ordezkatu dezake. Auzolanaz libre gelditzeko 25 euro ordaindu beharko dira. Auzolana edo ordainketa ez egiteak kontzejuari eskubidea emanen dio, etxe horri zenbait onura ukatzeko: herri-lurren alokairua, NPE aitorpenaren hektareen banaketa, herri-lurren gozamena, egur-loteak. Auzolana Unanuko Kontzejuko kide batek zuzenduko du.