Joxe Martin Lizarraga: Erreferentea delako aukeratu zuten Beriain

Guaixe 2016ko urr. 14a, 08:20

ETB-1eko "Gailurra" telebista-saioan parte hartu zuen Joxe Martin Lizarraga unanuarrak. Andoni Aizpururekin batera Beriainera igo zen.

1. ETB1eko saio baten grabazioan parte hartu duzu, ezta?
Ia agertuko ginen eskatu ziguten, eta han izan ginen.

2. Zein saio da?
Gailurra. Euskal Herriko zazpi gailur igo nahi dituzte. Eta haien artean Beriain dago. Igoera ezberdinak jende ezberdinarekin.

3. Nolaz aukeratu zuten Beriain?
Euskal Herriko jende asko igotzen da. Erreferentea da mendi hori.

4. Zein dira saioko aurkezleak?
Nik Andoni Aizpuru ezagutzen nuen, telebistatik. Irati Anda eskalatzailea ezagutzen nuen. Batek telebistan eskarmentua duena eta, besteak, eskalatzen.

5. ETBko saioan mendira igoko zarete, ezta?
Bai, azkenean, jende desberdina mendira igotzea da. Etxarriko emakumeak, korrikalariak, artzainen bat, mendian abenturak izan dituztenak… Jende desberdina, bai.

6. Beraz, Beriainen kontura makina bat sakandar elkartu zineten, ez?
Sakandarrak 20 lagun, igual bai. Eta Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritako beste 10.

7. Zer moduz kamera aurrean?
Hasieran gaizki. Baina gero, luzatu zenez, ez zara ez kameraz ez Andoniz oroitzen. Azkenean, lasai.

8. Grabazioa luze egin al zen?
Luzea eta gogorra. Inoiz ez zait mendira joatea hain luze eta gogorra egin. Behin egiteko eta, bale!

9. Aldapan gora aurkezleak moldatzen ziren? Edo atzean gelditzen ziren?
Ez, ez, oso ongi. Gainera, Andonirekin biok Iurbaindik igo ginen. Oso ondo ibili zen, ni bezala. Eskarmentua du eta osasuntsu dago.

10. ETBk lan-talde handia ekarri zuen grabatzeko?
Zazpi-zortzi lagun egon ziren. Ongi. Jende jatorra. Etxean bezala ibili ginen.

11. LTD bidez ikusi ahalko da ETB1eko saioa. Kalitate onean ikustea poztekoa, ezta?
Ordua zen. Azkenean, lortu da eta, bai, ETB1eko Gailurra saioko Beriaingo atala heldu den ostegunean, 22:20ean ikusteko aukera izanen da. Baita www.eitb.eus bidez ere.