Domekan, 12:00etan, Urdiaingo herriaren etxean.

1936ko estatu kolpearen ondoren eraildako Francisco San Roman Galbeteren gorpuzkinak familiak jasoko ditu igandean. Otsoportilloko lezetik atera eta identifikatu zituzten Aranzadi zientzia elkarteko kideek, Paco Etxeberria buru zuen lantaldeak hain zuzen. Joan zen urtean Urdiaingo Udalak Nafarroako Gobernuari gorpuzkinak bilatzeko eskaera egin zion eta gobernuaren eta udalaren eskaera betez lan egin zuten Aranzadikoek.   

Nafarroako Gobernuko Ana Ollo kontseilaria eta Paco Etxeberria forentsea izanen dira. Ekitaldi publikoa xumea izanen da. Udalak aurretik erakunde-adierazpena onartua du eta haren kopia familiari emanen dio. “80 urte ta gero familiak zauria ixteko, horretarako da ekitaldia. Bazen garaia. 80 urte pasa behar izan dira bagenekiena, egia zena, behingoagatik ofiziala izateko”, esan du David Oroz alkateak.

Francisco San Roman Galbete
Urdiaindarra, Josefaren eta Juan Estebanen semea 1901eko maiatzaren 20an jaio zen Altsasun. Maria Goikoetxea Solanarekin ezkondua, lau seme-alaba izan zituzten (Migel, Ruperto, Josefa eta Mª Rosalia). Porlandegian lan egiten zuen. 1936ko irailaren 25ean fusilatu zuten. Hil zutenean 35 urte zituen.