Futbol 7 txapelketa antolatu dute Ziordian

Guaixe 2017ko ots. 23a, 08:50

Apirilaren 29an hasiko da eta izena ematea martxoaren 1ean zabalduko da

Ziordiko Udalak eta kirol batzordeak Futbol 7 txapelketa antolatu dute Ziordian.
Talde bakoitzak gutxienez 10 taldekide izanen ditu eta gehienez 15, eta Ziordiko txapelketan aritzeko 14 urtetik gora izan beharko da. Txapelketa apirilaren 29an hasiko da eta partidak larunbat arratsaldetan eta igande goizetan jokatuko dira. Partiden iraupenari dagokionez, 20 minutuko bi zati jokatuko dira, 10 minutuko atsedenaldiarekin.
Hasieran ligaxka jokatuko dute izena ematen duten taldeek eta ondoren kanporaketen txanda iritsiko da. Uztailaren 29an despedituko da Ziordiko Futbol 7 Txapelketa eta lehendabiziko lau talde sailkatuek saria jasoko dute.

Izena emateko
Txapelketan jokatu ahal izateko talde bakoitzak 40 euro ordainduko ditu. Jasotakoa Dravet fundazioarendako izango da, txikienen artean epilepsiari lotutako gaixotasun arraro batendako ikerketa lana egiten duen fundazioarendako.
Izena ematerakoan taldeko kideen izena-abizenak eman beharko zaizkio antolakuntzari eta talde bakoitzak kapitain bat izendatu beharko du, antolakuntzakoekin lotura izanen duena. Martxoaren 1etk apirilaren 18ra bitartean eman ahalko da izena. Informaziorako: Jose Ramon (620 064 534) edo Patxi (646 732 354).