guaixe.eus

Mugak zabaltzeko asmoz

  Gizartea  Ziordia

Sakana Harrera Harana taldeko lau kidek Mugak Zabalduz karabanan parte hartu dute.

Mugak zabaltzeko asmoz
Josu Rubio, Marisa Maiza eta Juan Pedro Higuero hitzaldian. | Ikusi handiago | Argazki originala

Mugak Zabalduz karabana 14an abiatu zen Tuteratik. Helmuga Melilla zen eta bederatzi eguneko bidaian hainbat geldialdi egin zituzten haien mezua helarazteko: Batasuneko eta Espainiar estatuko migrazio politikak salatu. Sakana Harrera Haraneko lau kidek parte hartu zuten karabanan: Josu Rubio, Juan Pedro Higuero, Marisa Maiza eta Yolanda Beltza. Esperientzia abesgarria izan dela esan dute.


Ehun bat kolektibok eta bostehun pertsonak osatu zuten Mugak Zabalduz karabana. Tuteratik Melillaraino bidaia egin dute Europako eta Espainiako migrazio politika kriminalaksalatzeko eta errefuxiatu eta migratzaileen eskubideak bermatu dezaten eskatzeko. Karabana joan den urtean sortu zen eta Melillara joatea aurreikusi zuten, baina Grezian izandako errefuxiatuen krisiarekin hara joatea erabaki zuten. Beraz, aurten 2016an prestatutako ibilbidea egitea erabaki zuten, Josu Rubiok Sakana Harrera Taldeko kideak azaldu duen bezala.  


Melilla Europako hegoaldeko muga da. 20052an "inmigrazio krisia" deitutakoa bizi izan zen eta, Europako mugak indartzeko asmoz, Europako Batasunak Marokorekin hitzarmenak egin zituen. Ondorioz, Maroko "herrialde segurua"izendatu zuten, "orain Turkia eta Greziarekin egin bezala". Horrek esan nahi du, bertara iristen diren migratzaileek herrialde horretan eskatu behar dutela asilo politikoa, Mugak Zabalduz karabanako Sakanatik joandako kideek azaldu duten bezala. "Iristen diren lehenengo herrialde seguruan geratu behar dira, Maroko bada, bertan gelditu behar dira". Hortaz, "arazoa" Europatik kanpo gelditzen da. "Maroko, Mauritania, Senegalek... lan zikina egiten dute; poliziak dira". Mugak Zabalduz karabanaren xedea Melillan gertatzen dena lehenengo pertsonan ezagutzea zen.

"Mugak ixten zaizkienez, beste bide batzuk bilatzen dituzte. Beraz, errefuxiatuak Greziatik sartzen zirenez, Turkiarekin egin zituzten hitzarmenak herrialdea segurua dela esanez. Gainera, Hungarian eta Kroazian harresiak jarri dituzte". Horrela, dagoeneko Greziara errefuxiatu gutxiago iristen direla azaldu dute. "Baina Mediterraneo erdialdetik sartzen saiatzen dira orain, eta hildako gehiago izaten dira". Hitzarmenak ez direla betetzen salatzen du Mugak Zabalduz karabanak.



Gerrak
Gerrak dira migrazio eta pertsonen mugimendu handienak sortzen dituen arrazoi nagusietako bat. Mugak Zabalduz karabana Tuteran hasi zen, Bardeako tiro eremuan hain zuzen ere. "Bardean gerra horietan erabiliko dituzten armak probatzen dituzte. Gaitz guzti honen hasiera da". Tuteran Euskal Herriko kolektiboak bildu ziren, baita Aragoi eta Errioxako hainbat kide ere. Tuteratik Madrilera joan ziren. Madrilen Kongresuaren aurrean kontzentrazioa egin ondoren, Andaluziara bidea hartu zuen karabanak. "Geldialdi bakoitzean bertako kolektiboetako jendea karabanara gehitzen zen".

"Sevillan engainatuak sentitu ginen. Manifestazioa egiteko baimena geneukan, baina periferiako auzoetatik eraman gintuzten. Ez zegoen inor". Geldialdi bakoitzean manifestazioa, kontzentrazioa, manifestuaren irakurketa edota perfomanceak egiten zituzten. Algecirasen eta Tarifan CIEak, atzerritarrendako zentro itxiak, ikusteko aukera izan zuten. "Eraikin zaharrak dira, eta ez dituzte oinarrizko beharrak betetzen. Algecirasekoa zaharkituta gelditu den espetxe bat da, eta Tarifakoa irla batean dago, gotorleku batean".



Malagan ferrya hartu zuten eta Melillara abiatu ziren. Melillako giroa "guztiz militarizatua" dela salatu dute. "Iritsi bezain laster Francoren estatua zegoen. Horrek ideia bat ematen du". Gainera, hiri autonomikoaren gizartea guztiz estratifikatua dagoela azaldu dute: "militarrak eta arabiar jatorriko jendea dago. Ondorioz, gizarte mailak oso bananduta daude. Ez dira elkartzen".

"Iritsi ginenean alkateak esan zuen hiria perroflauta zikinez bete zela; eta lanera joan beharko ginela". Melillan migrazio eta etorkinen eskubideen alde lan egiten duen jendea oso gutxi dela nabarmendu dute, baina "ulergarria" dela. "Beldurra dute. Gu joan ginen, gure nahiak azaldu eta eskubideen urraketa salatu genuen eta etorri ginen. Haiek han gelditu ziren, eta batzuek lana galtzeko beldurra zuten". Hala ere, Melillako herritarren artean haien mezua beste "hamaika" pertsonetan hedatu bada pozik daudela esan dute. "Oso zaila izan zen. Manifestazioak egiteko baimena geneukan, baina espaloietatik joan behar ginen. Semaforoa gorria zegoenean, berdea jartzeko itxoin behar genuen".

Penintsulan bueltan Almeriatik pasa ziren "jornaleroen" bizi baldintzak gertutik ikusteko. "Calaisen ikusitakoa eta bizitakoa baino askoz txarragoa zen Almerian ikusitakoa". Fruta eta barazki zelaietan lan egiten duten gehienak migratzaileak dira eta haien bizi baldintza oso txarrak dira: "txaboletan bizi dira, ur korronterik gabe, elektrizitaterik gabe... eta lana egiten dute. Hori da iraingarriena".

Poliziaren presentzia hasieratik izan zutela salatu dute Mugak Zabalduz karabanan Sakanako Harrera Harana taldeko kideek. Gainera, karabana atera aurretik baimen guztiak eskatu zituzten arren, hainbat herri eta hiritan arazoak izan zirela esan dute. "Arazo larriena lo egiteko lekuarekin izan ohi zen. Baimena ematen ziguten, baina leku ez oso erosoetan edo azken unean leku horretan zerbait gertatzen zen".



Irailak 26
Sakana Harrera Harana taldea udaberrian sortu zen Sakanako Mankomunitateko Anitzartean zerbitzuaren bidez. Pertsonen mugimendu eskubideak bermatzeko mozioak aurkeztu dituzte udaletan eta festetan argazki erakusketak egin dituzte. Irailaren 26rako Espainiak 17.000 errefuxiatu hartzeko hitza eman zuen, baina %10 baino ez dutela onartu salatu dute. Sakana Harrera Harana taldeko zein karabanan parte hartu duten beste ehunka kolektiboek haien poltsikotik ordaindu dute solidaritate bidaia. Taldearen jardunaldiekin jarraitu ahal izateko kamisetak saltzen dituzte. Facebookeko orrialdea ere badute, SakanaHarrera, izenarekin.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak