Iguzkizari oroigarria

Guaixe 2014ko urr. 13a, 15:10
Omenaldira joandako jendea.

Altsasu Memoriak Emilio Iguzkiza hil zuten tokian oroigarria jarri du.

Atzo eguerdian 300 bat pertsona elkartu ziren Altsasu Memoriak Emilio Iguzkiza zenari egindako omenaldian. Pasa den asteazkenean 80 urte bete ziren Guardia Civilak tiroz hil zuela. “80 urteko isiltasuna, ez memoria parkeak, ez prentsak, ez erakunde ofizialek, ez inor ez da beraz gogoratu”. Atzoko ekitaldia ahaztura hori gainditzeko antolatu zuen Altsasu Memoriak. Oroitarazteko ekitaldiekin “denok bat egin behar dugu”, gaineratu zuen.

Altsasu Memoriak antolatutako ekitaldian nabarmendu zen 1934an Nafarroan “arrazoi politikoengatik eraildako bakarra izan zen Iguskiza”. Asturiasko iraultzaren testuinguruan hil zutela nabarmendu zuten antolakuntzatik. Manifestazio batean Guardia Civilak Constantino Salinas zinegotzia atxilotzean protesta egiteagatik tirokatu zuten Iguzkiza. “Erailketa ondoren etorriko zen bortizkeria eta errepresio faxistaren aurrekari argia izan zen”.

Ekitaldia
Omenaldia hasi aurretik Altsasu Memoriako kideek omendutakoaren seme Justiri aurretik esandakoa errepikatu zioten: “begira, jendea etorri da, ez gaude bakarrik”. Amelia emaztearekin batera izan zen Justi omenaldian. Gertakariak oroitaraziz hasi zen omenaldia eta horretarako kalean bertan antzezpen bat egin zen. Ondoren Iñakik, Ainhoak eta Ekiñek omenaldirako propio sortutako kantua abestu zuten. Justi Iguzkizak Josu Imazen laguntzaz agerian utzi zuen oroigarria eta despeditzeko Altsasuko 10 dantzari gaztek Pantxo eta Peioren Plazara doinuan oinarritutako koreografia dantzatu zuten.

Semea
Akaberan Justik esan zigun Omenaldia “oso ederra” izan zela; “ez nuen  hainbeste espero. Errealitatea erakutsi dute”. Bera besoetan zuela hil zuten aita eta “hain txikia nintzenez ez dut ezer gogoratzen. Niri kontatu didatena kontatu dut”. Altsasuarrek aitaren oroitzapen ona gorde zutela esan digu semeak: “gizon ona, langile fina” zela. Urteak pasatuta ere “nolaz hil ote zuten” galdetzen zioten bere buruari hainbat altsasuarrek. Familian erailketaren oroitzapena gorde izan dute eta ilobek argibideak ere eskatu izan dizkiote Justiri. Atzo kanpoan zeuden, baina haiekin batera oroigarria ikusteko asmoa zuten. “Pasatzen garen bakoitzean begiratuko diogu oroigarriari”.

Aitarik gabe, latzak pasatutakoak direla gogorarazi zuen Justik: “gose handia eta denetarik pasa behar izan dugu familiak. Platanoa jaten zebilen gizon baten atzetik ibili naiz, azala noiz bota hura hartu eta txupatu ahal izateko. Horrela ibili naiz”. Bederatzi urte zituela Agurainen behorrak zaintzera joan behar izan zuen. Han ez zuen etsitzen eta Altsasura bueltan etorri zen Idiazabalgo baserri batera joateko. 10 urte eman zituen baserrian lanean. Soldadutzarekin Altsasun gelditu zen. Denetariko ogibideak izan zituen: harrobian, obretan…

Bierrik fundazioaren bulegoa hartzen duen eraikinaren aurretik zegoen etxean, izkinan, bi tiro marka eta beste baten arrastoa atzematen zela gogorarazi du. “Etxea bota zutenean, enpresakoari eskatu nion tiro arrastoak zituen harria gordetzeko edo saltzeko. Baina azkenean Lizarran bukatu zuen eta ez zidaten ekarri”.