Altsasuko kultur guneak %8,5 erabiltzaile gehiago

Guaixe 2015ko urt. 30a, 17:16
Zuzeneko emanaldien artean Haize Berriak bandarena izan da.

Zinema, zuzeneko ikuskizunak, erakusketak, aurkezpen-hitzaldiak eta haurrendako ipuin kontalariak. Horiek dira Altsasuko Udaleko Kultura Sailak Iortia kultur gunean kudeatzen dituenak. 2014an 190 jarduera, 38.500 ikusle erakarri zituztenak. Betisa Anda kultur teknikaria “oso kontentu” dago joan den urteko memoriaren datuarekin, “beste toki batzuetan publikoa galtzen ari dira”.

Nafarroako Antzoki Sare barruan dago Iortia kultur gunea. Sare barruko bilerak kalitate estandarrak lortzeko baliagarritzat jo ditu Andak, (on-line txarteldegia…). “Antzeko publikoa, programazioa edota kezka komunak ditugun teknikarien artean sortzen dira programa partekatuak”. Hori da Altsasuko kultur gunearen programazioa osatzen duen ildoetako bat. Aurreko urtean, gainera, Espainiako Kultura Ministerioaren Platea programak “normalean gure esku ez dauden taldeak ekartzeko aukera eman zigun. Konpainiak, publikoa eta gu gustura gelditu ginen. Baina aurtengo deialdian irizpideak aldatu, murriztu, egin dituzte. Ikusi behar”, esan digu kultur teknikariak.

Arte eszenikoak
58 kontzertu, antzerki eta dantza emanaldi programatu ziren joan den urtean Iortian, aurreko urtean baino 11 gehiago. Horrek ikuslegoa %25 handitzea ekarri du (10.272tik 13.452ra). Baina hazkunde horren atzean ere ikusleen hazkundea dago, bataz beste aretoa %75ean bete baita. Hamar alditan sarrera guztiak ere saldu ziren. Golden Apple Quartet, El Brujo, Tricicle, Nina Calcetina edota Clinc daude horien artean. Bestalde, Haize Berriak bandak, Trasteandok edo Tarima Beltzak bigarren funtzioak egin behar izan zituzten ikusleen eskaera asetzeko.

Zuzeneko ikuskizunetarako abonamendua, deskontuak, eskaintzen hasi da Iortia kultur gunea. Urte sasoi bakoitzerako zuzeneko hiruzpalau ikuskizunetarako eta zinemarako sarrera bat 40 euro baino gutxiagoan eskaini izan dira. Andak jakinarazi digunez, aldiro ehun abonamendu pasa saltzen dira. “Denetara etortzen diren ikusleak dira. Ez dakit abonamenduak erakarri dituen edo lehendik ere kultur gunera etortzen ziren”, esan digu kultur teknikariak.


Zinema
Joan zen urtean 70 film eman zituzten Iortian, aurrekoan baino bat gutxiago. Ikuslegoa %7,5 igo da (10.635etik 11.438ra). Hazkundea gaurkotasunezko (4.748tik 5.648ra) eta forum (1.381etik 1.733ra) emanaldietan izan da. Baina haurrendako zinema emanaldiek ia 500 ikusle galdu dituzte (4.506tik 4.057ra). Film arrakastatsuenen artean Lasa eta Zabala, El niño, La ladrona de libros, Frozen en el reino del hielo, futbolin eta Caminando entre dinosaurios izan ziren.

Lastailean Iortiako areto handian zinema proiektore digitala jarri zen eta, horrela, gaurkotasun handiko filmak azkarrago iritsi dira Altsasura. “Udazkenetik aurrera gehiago bete da aretoa. Orduan etorri dira titulu berrienak. Baina ilbeltza eta maiatza bitartean ere gora egin zuen ikuslego kopuruak”, esan digu kultur teknikariak. Horretan zinema merkeago ikusteko hiru, bost eta zortzi filmetarako abonamenduen salmentak zerikusia dutela garbi du Andak. “Gehien saltzen direnak zortzi sarrerako txartelak dira”, zehaztu digu. Ostegunetan, 19:00etan, ikuslearen eguna eskaintzen hasi da Altsasuko Kultura Sailak eta ikuslegoan duen eragina aztertu beharko da.


Erakusketak
Aurreko urtean baino erakusketa bat gehiago, 11, hartu zituen Iortiak. 7.650 bisitari izan zituzten, ikuslegoaren %20ko jaitsiera. Altsasuko Udaleko Kultura Sailak “eskaintza handitzeko, erakusketa politika birpentsatuko du”. Hurrengo kultura batzordean aztertuko da gaia. Andak adierazi digunez, jaitsieraren arrazoietako bat izan daiteke garai batean Gure Etxea eraikinean ikusgai zeuden erakusketa batzuk gaur egun Iortian daudela ikusgai. Aurreneko eraikinak ez du zaindaririk eta antolatzaileen ardura izaten da zaintza lana.


Hitzaldiak
Iortiak 2014an aurrekoan baino zortzi hitzaldi edo aurkezpen gutxiago hartu zituen, 54. 4.262 pertsona izan ziren haietara joan zirenak. Arlo honetan jarduera kopurua jaisteak 330 lagunen jaitsiera ekarri zuen.

Ipuinen unea
Azken bi urteetan haurrendako emanaldi bera programatu da, zortzi. Beti hileko azken ostiralean, 19:00etan. Hitzordu finko bat txiki eta gurasoendako.

Internet
www.iortiakultura.com ataria martxan jarri zenetik 18.382 bisita eta 9.646 erabiltzaile izan ditu. Facebook-en Iortiak 1,728 lagun ditu eta Twitteren @iortia_ profilak 203 jarraitzaile.  



Abonamendu eskaintza
Titzina Teatreren Distancia siete minutos (igandean) eta Txalo Produkzioaken El tipo de la tumba de al lado (otsailaren 14an) eta A vueltas con la vida (martxoaren 14an) antzezlanak eta zinema sarrera bat 28 euroan eskuratu daiteke Iortian, sarrera bakarka erosita baino bederatzi euro merkeago.