Flamenko gaua Altsasun

Guaixe 2015ko ots. 27a, 14:00

Bihar 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean Juan Ramirez dantzaria eta Orai taldea ariko dira.

Takoi-jotzeak, takoi-errepikak… “Flamenkoan oinetakoak soinua ateratzeko eginak daude eta nire oinen perkusioa utzi dut. Perkusio, erritmo eta efektuko bailaorea naiz. Takoi-jotzeekin dibertitzen naiz”. Juan Ramirez maisuaren hitzak dira. Dantzaria bihar ariko da Altsasun. Oin perkusioa, hizkuntza. Ramirezek bere burua “desagertzear den kultura baten zati gisa” ikusten du. “Akademietan ikasten ez den flamenko hori, benetako flamenkoa, zahar eta egiazkoa, Carmen Amayarengandik edo Farrucorengadik heldu dena” da bere dantza-era.

Dantzari autodidakta, itzal handiko izenak izan zituen lagun. Ramirez artista handien ondoan aritu da lanean, esaterako, Manuela Carrasco, Angelita Vargas, Sara Baras, Antonio Canales, Ketama, Los Chichos, Tomatito… Paco de Luciarekin lehen dantzaria izan zen Europako herri gehienak bisitatu zituen. Egile askorekin grabatu du. Pastora Inperio sari nazionalaren jabe ere bada.

Musikariz lagunduta
Maisu dantzariak musikari nafarrek osatutako Orai taldearen laguntza izanen du eszenatokian. Flamenkoaren estilo berritzailea lantzen dute, generoaren berezkotasuna jazzari eta musika latinoari egindako keinuekin bateratuz. Melodia freskoak eta oroitarazleak sortzen dituzte. Taldea honakoek osatzen dute: Javier Vazquez, hainbat estilotan erraz moldatzen den piano-jolea, flamenko puruena gogora ekartzen duena; Jolis Muñoz Nafarroako flamenkoko abeslari berri aipagarrienetakoa, ahotsa eta sentsibilitatea agerian dituena, Claudia Oses biolin-jole birtuosoa, Pedro Planillo gitarra-jole emankorra eta Rafael Borja gitarra-jole sutsua.

Altsasuar bat ere
Josetxo Lumbreras bateria-joleak ere parte hartuko du biharko ikuskizunean. Orai taldearekin pieza bat joko du. Gainera, dantzariarekin buruz buru ariko da ere: Ramirez takoiekin, Lumbreras baketekin.

 

Juan Ramirez & Belén Lopez en Casa Patas (Madrid) from Gale Audiovisual on Vimeo.